Joan den astelehenean, urriaren 2an, Zizurko Erreniega eskolako hezkuntza-komunitateak elkarretaratzea egin behar izan zuen, Lehen Hezkuntzako 2. mailan hirugarren talde bat sortzea eskatzeko. Maila horretan, 25 eta 26 ikasleko bi gela daude (gehieneko ratioa 25 da), eta ikasle batek premia espezifikoak ditu eta bik diabetesa dute, irakasleek kontrolatzen dutena. Departamentuak ez du aintzat hartu ikastetxeko zuzendaritzaren eskaera, eta, horregatik, behar hori betetzeko, jendaurrean adierazi behar izan da. Ildo horretan, Zizurreko osoko bilkurak ere presazko adierazpen bat onetsi zuen irailaren 28an, Hezkuntza Departamentuari hirugarren taldearen irekiera eskatzeko, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta AS Zizurren aldeko botoekin.

2023ko urtarrilean, Hezkuntza Publikoko mahai sektorialeko sindikatuok ratioak jaisteko proposamen bat aurkeztu genuen Nafarroako Parlamentuan. Bertan planteatzen genuen Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Lehen Hezkuntzan 25 ikasletik 20ra jaistea, DBHn 30 ikasletik 23ra, Batxilergoan 33 ikasletik 25era eta Lanbide Heziketako zikloetan 20 ikasletik 15era. Gehieneko ratioaren aldaketa hori 2023-24 ikasturte honetan ezarri izan balitz, hirugarren taldea automatikoki sortuko zen eta Zizurko ikasleek, irakasleek eta familiek jasoko zuten horren onura.

Era berean, 2023ko urtarrilean, Carlos Gimenok, ratioak linealki jaisteko proposamen sindikalari kontrajarrita, iragarri zuen 20ra jaitsiko zirela hezkuntza-laguntzako premia espezifikoko ikasle asko dituzten ikastetxeetan, baina soilik 3 urtekoen kasuan. Kasu horrek argi adierazten du adin jakin batera eta ikastetxe jakin batzuetara mugatutako ratioen jaitsiera horrek ez duela funtzionatzen, eta taldeak bikoizteko irizpidea hobetu behar dela.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako inbertsioa handitzeko konpromisoa hartu du, BPGren % 5era iritsi arte. Gainera, PSNrekin batera koalizio gobernua osatzen duten bi indar politikoek, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek, ratioen jaitsiera lineala eraman zuten haien hauteskunde programetan. Gauza bera proposatu du EH Bilduk ere, Gobernua babesten duelarik Parlamentuan. Hori dela eta, Parlamentuko gehiengo aurrerakoiari eskatzen diogu 2024ko aurrekontuetan partida nahikoa sar dezala, hezkuntzaren etapa guztietan ratioen jaitsiera lineala gerta dadin eta Departamentuak berehala konpon dezan Zizurko eskolaren arazoa. Kalitatezko hezkuntza izateko eskubidea bermatu behar da, baita irakasleek horretarako lan baldintza egokiak izateko eskubidea ere.