Urriaren 4an mahai sektoriala izan genuen, berriro ere berandu, 2022ko irailean hasita behar baitzuen. 2020an hasi ziren mahai negoziatzaile hauek egungo Hezkuntza Sailarekin eta orain arte ez dute inolako etekinik eman, guztiz kontrakoa esan genezake, gainera.
Denbora tarte honetan itxuraz negoziaziorako plantak egin baditu ere, Hezkuntza Sailak aldebakarrez lan-baldintzak okertzen jarraitu du, hona hemen adibide batzuk:
-
Jubilaziorako baldintzak okertzen ari dira eta 63urterekin erretiratzeko eskubidea (diru galerarekin) dugunoi irakastorduak murrizteko trabak.
-
Ordezkooi 165 lan-egunek eragiten duten opor eskubidea murriztu digute.
-
Eros ahalmena galtzen jarraitzen dugu.
-
Osasun arrazoiengatiko zerbitzu eginkizunetan murrizketak egon dira.
-
Edoskitze metatuaren lizentzian jardun murriztuetan egunak kendu dizkigute.
-
Gure ordutegitik kanpo diren formakuntzak egin behar ditugu eta langileen lan zama handitzen ari da.
-
Norberaren eginkizunetarako baimenak, bai eta gaixotasun bajak ez dituzte beti ordezkatzen.
Badirudi asmoa orain atzerapauso hauek lan hitzarmen batean txertatzea dela. Izatez, negoziazio batek hobekuntzak ekarri beharko lituzke, baina kasu honetan kontrako norabidean goaz.
Helarazi diguten lan-akordio proposamenean, argi ikusten da, lehenengo irakurketan, lizentzia eta baimenetan egon daitezkeen hobekuntzak Madrileko legeetatik eratorritakoak direla, hau da, nahitaez ezarri behar direnak. Beraz, Hezkuntza Sailak ez du hemen inolako hobekuntzarik eskaini, nahiz eta Steilasetik proposamen ugari bidali ditugun alor honetarako.
Langile publikoen sarbideari dagokionez, 2024tik aurrera deitutako lan-eskaintza publikoek ordezkapenetarako hautagaien zerrendak osatzeko irizpideak ezarriko dituzte; lehentasunezko zerrenda bat ezarriko dute oposizio-lehiaketa gainditu duten, baina plazarik lortu ez duten hautagaiekin. Honek interinoen artean beste klasifikazio bat gehituko luke eta hala langileen arteko lehia areagotu.
Lan-baldintzen akordiorako mahai gainean jarritako testuak eskaintzen duen hobekuntza bakarra adineko irakasleei dagokiena da. 63 urte betetzen dituztenen langileen kasuan irakastorduen murrizketa erdikoa proposatzen da eta 60koentzat orain artekoa bezalakoa (irakastorduen herenaren murrizketa). Murrizketa hauek metatzeko aukera eskaintzen da (interionei ez), baina muga batzuekin eta beti irakastorduen murrizketaz hitz egiten da eta ez jardun murrizketaz.
Guzti hau itxurakeria besterik ez zaigu iruditzen eta ez ditu arazo larrienak ukitu ere egiten:
• Eros ahalmenaren %20ko galera azken hamarkadan.
• Ezin erretiratu 63-65-67 urte arte kasu askotan.
• Egunetik egunera dugun lan-kargaren igoera.
• Hezkuntza Sailaren langileekiko arreta eza.
• Ordezkoen udako kobrantzan (kotizazioen galera, puntuak…) arazoak.
Bien bitartean hezkuntza legea adosten jarraitzen dute legebiltzarrean non hezkuntzaren pribatizazioa betikotzen den, murgiltze eredua baztertzen den eta ikastetxe ez laikoak finantzatzen jarraitzen den. Lege honek eskola publikoa erdigunean jarri beharrean subsidiario bihurtuko du. Nahikoa da!
Leave A Comment