Deitutako esparruan %56ko ordezkaritza duten STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek deituta grebak %55eko jarraipena izan du. Gaurko greba egunari jarraipena emango diogu bihar sektore publiko osorako grebarekin.

Gaur, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, milaka langile elkartu gara Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleetan. Euskal Eskola Publikoko langileok greba eta aldarrikapen egun honi eman diogun babesa bikaina izan da.

EAEko Hezkuntza Sailaren menpeko 29.000 langile zeuden gaurko grebara deituak. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile guztiak alegia. Sindikatuok batutako datuen arabera, grebak jarraipen zabala izan du, %55etik gorakoa kolektibo guztietan- %55ekoa batazbeste, % 60 Sukalde eta garbiketan, %55 Heziketa Berezian eta %60 irakasleetan. Hala ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta milaka langileei greba eskubidea ukatu zaiela eta ondorioz, greba bera baldintzatua egon dela.

Hiru hiriburutan egindako manifestazioetan ere milaka langile elkartu dira, 2.000tik gora Gasteizen eta Donostian eta 5.000 inguru Bilbon. Beraz, zorionak gaur greba egin duzuen guztioi, Hezkuntza Sailak hartu duen jarrerarekiko borrokatzeko autua egin duzuelako, Sailak inposatu digun gure lan baldintzen prekarizazioaren aurrean ez baitugu bestelako aukerarik, denek dakigulako borrokatzen ez diren eskubideak ez direla iristen. Eusko Jaurlaritzak gogor kritikatu ditu udazkenerako deitu ditugun grebak. Ikasleak bahitzea eta elkarrizketaren bidea alboratzea leporatu digu. Sektore publikoan orohar eta Hezkuntza publikoan bereziki artifizialak diren arazoak asmatzen ditugula adierazi dute publikoki lehendakaria bera buru. Hemen gaudenok gara ordea errealitatean gaudenak. Eskoletan eguna joan eta eguna etorri dauzkagun arazoak bizi eta pairatzen ditugunak. Ikasleen beharrak modu egokian asetzeko baliabide, denbora eta gabezien aurrean Eusko Jaurlaritzaren aldetik erantzunik jasotzen ez dugunok.

Sindikatu deitzaileok argi daukagu ikasleen beharrei modu egokian erantzuteko ezinbestekoa dela lan baldintza egokiak izatea. Gaur, Hezkuntza sailaren menpeko kolektiboetan hamarkada bat baino gehiagoan lan baldintzen inguruko negoziaketarik ez dela egon salatu dugu. Honen arrazoia Hezkuntza Sailaren jarrera itxi eta inposatzailea da. Irakasleen kasuan azken Lan Hitzarmena 2010ekoa da, Sukalde eta Garbiketako langileen kasuan 2009koa eta Heziketa Berezikoen kasuan 2004koa. Hezkuntza Legearen testuinguruan sinatu diren akordioek ere ez diote ez gure hezkuntza sistemak beharrezko dituen aldaketei erantzuten, ez eta lan baldintzen hobekuntzarako neurri zehatz eta nahikorik jasotze ere.

Horregatik, Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoko langileriaren lan baldintzen benetako negoziaketa berreskuratzea eskatu diogu. Zehazki, ondorengo edukiak adostea aldarrikatu dugu:

  • Lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea

  • Galdutako %20ko erosteko ahalmena berreskuratzeko akordioa. %10eko soldata igoera adostuz 2024rako eta gainerako %10 berreskuratzeko plangintza ete epeak adostuz.

  • Lan Osasuna bermatzeko neurriak adostea, arrisku psikosozialetan arreta berezia jarriz.

  • Erretiroa bizkortu eta plantilak gazteberritzeko neurriak adostea.

  • Behin-behinekotasun erreala %8ra jaisteko kontsolidazio prozesuak adostea. Lanpostuak sortu, estrukturalizatu eta langilegoa egonkortzeko formulak adostea.

  • Pribatizazioa gehiego ez egiteko betebeharra bere gain hartzea.

  • Eskoletan euskalduntzea bermatuko duten plangintzak adostea

  • Eskoletan Hezkidetza proiektu errealak ahalbideratzea, ordu kreditu nahikoekin eta egonkorrekin zein berdintasun plan adostuekin.

Bestalde, Estatu Espainiarreko azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu duten indar politikoei, Espainiako gobernuarekin ematen ari diren negoziakeketaren testuinguruan, ondorengo eskaerak egin dizkiegu:

  • Hezkuntza publikoko langileriaren lan baldintzak, soldatak eta enplegu beharrak hemen erabakitzea ahalbideratu dezatela.

  • Egungo ikasleek dituzten beharrei erantzun ahal izateko, hezkuntza publikoa indartzeko eta eskola publikoak aurrera ateratzen dituzten langileen lan baldintza egokiak bermatzeko adinako aurrekontuak onar ditzatela

Gaurko greba egunari jarraipena emanez, bihar ere greba egingo dugu hezkuntza publikoko langileek sektore publiko osoko gainerako langile publikoekin batera. Hezkuntza Sailak eta alderdiek eskaera hauei erantzun egokirik ematen ez badiote greba eta mobilizazioak sustatzen jarraituko dugu sindikatuok.