Etapa, fase, ziklo… berriak hasteak, oro har, ilusioa, berritasuna eta ekiteko gogoa ekarri ohi dituen arren, badirudi hori ez dela gertatzen Hezkuntza Sailean. Ikasturte berri bat hasi dugu eta hemen denak berdin jarraitzen du. Lan-legepeko irakasle eta hezitzaileak betiko plano berean gaude, berriro ere.
Nahiz eta 16 bat urte eman ditugun sektorean LEP batean parte hartzeko aukerarik izan gabe eta % 75etik gorako bitartekotasun-tasa izan (Zeinu Hizkuntzako Interpreteen kolektiboan %100ekoa), badirudi ez dela ez beharrezkoa ez premiazkoa ere. Gureak, berdin du.
Gure sektoreko LEP deialdia Bigarren Hezkuntza, Musika eta Arte Eszenikoak, Arte Plastikoak eta Diseinua eta Maisu-maistren deialdia baino egun bat beranduago eta Haurreskolak Partzuergoko langileen deialdia baino egun bat lehenago argitaratu bazen ere, dena aurrera doa, gurea izan ezik.
Haurreskolak Partzuergoan egonkortu dira eta izendapenak egin dira jada. Hau da, prozesua amaituta dago. Irakasleei dagokienez, merezimendu-lehiaketakoak jada ari dira izendatuak izateko beharrezkoak diren azterketa medikoak egiten, eta lehiaketaoposiziokoek dagoeneko egin dituzte azterketak eta laster jakingo dute egonkortu diren ala ez. Eta gure sektorean…
2022ko abenduaren 29tik, prozesuan gure izena eman besterik ez dugu egin. Hala ere, lasai; urriaren amaieran argitaratuko dira prozesuan onartutako eta baztertutako langileen behin betiko zerrendak. Bada, gaur… azaroaren 2a da eta ez dugu berririk. Bigarren planoan, erabat.
Gure hitzarmena 20 urtean berritu ez den arren, erraz esaten dela, hemen ere bigarren mailan jokatzen dugu. Irakasleek badute proposamen bat mahai gainean, eta alegazioak egin dizkiote jada. Gureaz ez dakigu ezer.
Zertan ari da Administrazioa?
Erraza ulertzen, interesgarriak iruditzen zaizkion zenbait gairen inguruko asmo hutsak saldu eta akordio partzialak lortu nahian.
Leave A Comment