2022ko urtarrilaren 20an, Carlos Gimeno prentsaren aurrean agertu zen, 23/24 ikasturterako araudi bat egingo zuela esanez. Araudi horretan, “lanaldi jarraitua eta malgua ezartzeko orain arte eskatutako gehiengo kualifikatuak berrikusiko zituela” argitu zuen, bai eta “familien bozketen emaitza ikastetxearen errolda osoari lotuta egoteko irizpidea berrikusiko zuela ere, eta ez emandako benetako botoei”.
Prozesu demokratikoetan gehiengo kualifikatua eskatzen bada ere, kasu honetan, lanaldi-aldaketa aurrera eramateko beharrezkoak diren baiezko botoen pertzentilak, (irakasle guztien 3/5, Eskola Kontseiluaren 2/3 eta ikasleen errolda osoaren 3/5, ez emandako botoena), gehiegizkoak dira, eta horrek abstentzioa lanaldi-aldaketaren aurkako botoaren baliokidea dela esan nahi du.
Bestalde, Departamentuak aitortu duenez, eskolen lanaldi motak ez dio ikasleen errendimendu akademikoari eragiten; beraz, pedagogikoki ezin da esan lanaldi mota bat bestea baino egokiagoa denik. Horregatik, ez da ulergarria Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen %84aren lanaldia aldaraztea, lanaldi zatitura buelta eginez, eta azken urteetan zentro hauek izan duten funtzionamendua hasiera puntura itzularaziz, berarekin dakarren gehiegizko karga burokratikoarekin. Gainera, Departamentuak ez duela baliabide gehigarririk emango zehaztu du.
Klaustroen bozken emaitza aholku-emailea eta ez-loteslea izatea ezartzen du eta, horrela, irakasleon figura gutxiesten da. Horrez gain, Eskola Kontseiluan ordezkaritzarik ez duten hezkuntza-komunitateko ezinbesteko beste kolektibo batzuk ez ditu kontuan hartzen.
Hori gutxi balitz bezala, Departamentuak Foru Agindu hau baliatzen du ikastetxeen eskola-ordutegia aldatzeko, eta lehen aldiz sartzen du gure erkidegoan ikastetxeek “seigarren ordua” deiturikoa eman ahal izateko aukera. Neurri hori oso eztabaidagarria da ezarri den erkidegoetan, eta, denborarekin, kendu egin da, eta hori guztia horren premiari edo komenigarritasunari buruzko informaziorik gabe.
Gogoratu behar dugu, eskola-orduen igoeraren eta errendimendu akademikoaren hobekuntzaren arteko korrelaziorik ez dela nazioarteko azterlan bakar batean ere egiaztatzen; izan ere, hezkuntzan erreferentzia diren herrialdeetan ez zaizkie ikasleei astean 25 eskola-ordu baino gehiago ezartzen, eta, beraz, ez du zentzu pedagogikorik. Gainera, eskolaz kanpoko aisialdia, eta atsedena laburtzen die hazteko adinean dauden ikasleei.
Testuak dioen bezala, ikastetxeetako eskola-orduen gehikuntza hori baliabide pertsonal eta materialen hornidura handitu gabe egingo da, eta, beraz, ikasleekin ematen diren zuzeneko irakaskuntza-orduak inklusio-orduak eta hezkuntza-laguntzako ordu urrien kalterako izango dira, eta lan-baldintzak murriztea ekarriko dute.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, Hezkuntza Departamentuari Foru Aginduaren proiektu hau bertan behera utz dezala eskatzen diogu, Nafarroako 162 ikastetxetako hezkuntza-komunitateek hartutako erabakiak kontuan hartzen ez dituelako. Testu berri bat egin dezala eskatzen diogu ere, ikastetxe bakoitzeko egungo lanaldi-motatik abiatuz, benetan demokratikoki aldatzeko prozedura bat ezarriko duena, kasu bakoitzeko beharrizan zehatzei erantzuteko gai izango dena eta behar materialak eta pertsonalak asetzeko behar beste hezkuntza-baliabide izango dituena, hezkuntza-komunitate bakoitzak aukeratu duen eskola-jardunaldia edozein dela ere.
STEILAS – ANPE – AFAPNA – LAB – CCOO – ELA – UGT
Leave A Comment