Atzo, hilak 2an, Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea izan genuen. Bertan hainbat gai desberdin landu genituen. Gehienak inposatutako gaiak izan ziren, bai Madriletik datozelako, Mahai orokorretik ekarritakoak direlako edota Europak behartu dituelako.


Hauek dira landutako gaiak:

  • 0,5eko soldata igoera gehigarria: atzera-eraginarekin aplikatuko da. Soldata igoera negoziatzeko aukerarik ez zen egon.

  • Ezinbesteko arrazoiengatik 4 eguneko baimena: enpresak onartu zuen langileok baimen hau hartzeko eskubidea dugula. Hurrengo egunetan baimenaren proposamen zehaztuagoa bidaliko da, ordainduta izateko frogagirien zehaztapenak jasoko ditugu eta kudeaketa jarraipenaren nondik norakoak zehazten dituen proposamena bidaliko dute.

  • Salaketa kanala: “89/2023 DEKRETUA, ekainaren 13koa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren esparruan arau-hausteen berri emateko eta informatzaileak babesteko barneko informazio-sistema sortu eta arautzen duena.”

Europako agindu hau betetzeko Eusko Jaurlaritzak salaketa kanal bat jarriko du, Haurreskolak Partuergoko web gunean lotura zuzena jarriko dute.

  • Lanpostuen zerrenda (LZ) handitzea: Ondorengo proposamena ahoz egin ziguten: LZ aldatzeko (handitzeko edo txikitzeko), bi ikasturte jarraian hilabete bereko matrikulazio datuak konparatuko dira. Bi aldiz hazkundea edo deshazkundea egon ezkero, hurrengo ikasturtean (momentu honetan 2025/2026) lanpostu kopuruak gora edo behera egingo luke, “hein berdinean”.

Honekin batera, lan metaketen iraupena berriro eztabaidara ekarri ziguten. Epe honetan LEParteko kontratuak egin beharrean, lan metaketa kontratuak egin nahi dituzte. Hau da, beharrak kubritzeko, urte osoko kontratua izan beharrean, gehienez 9 hilabeteko lan kontratuak egingo lituzkete.

Proposamen desberdinak bidaltzeko aukera izan arren, administrazioak mehatxua bota du: horrelako neurriak ez baditugu hartzen, zerbitzuaren hazkundea mugatu beharko duela.

Gai ordenetik aparte beste gai hauek aipatu ziren:

  • Lan hitzarmena negoziatzeko aukera ireki da eta hori negoziatzeko egutegi bat sortuko da.

  • Hautagai ordezkoen Baremazio/Birbaremazio epea Azaroaren 13an irekiko da. Izangaiaren fitxa gaurtik aurrera ikusgai izango duzue.

  • Kudeaketa langileen Merezimendu-Lehiaketa urtea amaitzean eginda izan nahi dute.

Bestalde, STEILAS sindikatuak honako gai hauek negoziatzeko premia bilerara eraman zuen:

1. Haurreskolak Partzuergoko izen emateak Hezkuntzako HH eta LH matrikulazio

epearekin bat egitea (urtarrilaren amaieran, otsailaren hasieran).

2. Haurreskolak Partzuergoko haurren onartze prozesuen baldintzak desagertzea

zerbitzu unibertsala emateko.

3. Haurreskolak Partzuergoko arratsaldeko zerbitzuaren desagerpena.

4. Haurreskolak Partzuergoko zerbitzuaren ordutegia ondoko eskola publikoaren

ordutegiarekin parekatzea.

Jorratutako gai gehienak inposatutako gaiak izan ziren. Administrazioak LZ eta Lan hitzarmena negoziatzeko egitasmoak plazaratu zituen, baina eduki zehatzik gabe eta ardura gehiena sindikatuengan utzita.

Gauzak horrela, STEILAS sindikatuan argi daukagu greba deialdietan, urriak 25eko eta abenduak 19koan, langileen presioa beharrezkoa dela Mahai Negoziatzailean dauden gaietan eragin ahal izateko. Hezitzaileon ahotsa entzutea eta proposamenak jasotzea guztiz beharrezkoa da guretzat, ahalik eta ekarpen gehienak mahai gainean jartzeko. Beraz, lanketa honetarako bidelagun izatera gonbidatzen zaituztegu, lan hitzarmen duin baterako ahots gehienak iritsi daitezen.

STEILAS sindikatuak gure aldetik baliabideak jarriko ditugu zuen iritziak, proposamenak, kezkak, desadostasunak, etab… jasotzeko.

Animatu eta parte hartu!