Sinatutako akordioak ez du bermatzen soldatak eta enplegua hemen erabaki ahal izatea. Lehendakaria eta erakundeek ezingo dute aitzakiatzat erabili Madrilen erabakia dela. Sektore publikoko grebak deitu ditugun sindikatuok azpimarratu dugu mobilizazioarekin jarraitzeko beharra.
Sektore publikoko greba deitu dugun ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok bilera egin dugu greben balorazioa egin, eta urratsak adosteko abenduaren 19ko greba ere arrakastatsua izan dadin. Aldi berean, Pedro Sanchezen inbestidurarako EAJren eta PSOEren arteko akordioa baloratu dugu sindikatuok, non euskal langile publikoen enplegua berritzeko tasei eta soldata igoerei buruzko atal bat jasotzen da. Akordioaren testuari zehaztasuna falta zaio, eta ez du bermatzen EAEko langile publikoen enplegua eta soldata hemen erabaki ahal izatea. Hala ere, adostutakoak arrazoia ematen digu sindikatuoi, behin eta berriz adierazi baitugu euskal herriko langile publikoen enplegua eta soldatak hemen erabaki ahal izatea borondate politikoaren kontua dela. Agerian utzi ditu Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu eta lehendakaria bera; enplegua eta soldata Estatuaren eskumenekoak direla ziurtatu dute hainbatean, eta sindikatuok hori eurek politikoki higatzeko erabili dutela adierazi baitugu.
Sindikatuok uste dugu greben eta mobilizazioen jarraipen zabalak duela hamarkada bat baino gehiagotik itxita zegoen bidea zabaltzea lortu duela. Denbora horretan, Estatuak, batzuetan Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoen bermearekin, langile publikoen lan baldintzak inposatu ditu, eta horrek ondorio larriak eragin dizkie bai langileei, bai zerbitzu publikoen kalitateari. Adierazi bezala, borondate politiko kontua da, eta borondate hori aldatzeko unea da, hemen erabaki behar da negoziazioaren bidez.
Horregatik, sindikatuoik erakundeei zein alderdi politikoei eskatu nahi diegu Estatutik datozen mugak eta betoak behingoz kentzea, soldata eta enplegu publikoaren beharrak hemen erabakitzeko. Eta aurrekontu partida nahikoak onartzea, honako neurriak hartzeko: zerbitzu publikoak indartzeko, pribatizazioekin amaitzeko, enplegu publikoa sortu eta eta kontsolidatzeko, lan baldintzak hobetzeko, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, langileen lan osasuna bermatzeko, administrazioaren euskalduntzean urratsak egiteko eta genero diskriminazioarekin amaitzeko. Mobilizazioekin eta greba egunekin bat egiteko deia egin diegu langile publikoei, hori baita lan baldintzak hobetzeko eta gure zerbitzu publikoen asistentzia kalitatea hobetzeko bidea.
Leave A Comment