Sistema kapitalistak, patriakalak eta kolonialak mantentzen duen zaintza erregimen bidegabearen aurrean, nahikoa dela ohiukatu du gaur Euskal Herriak. Gaur kalera atera gara mundua aldatzeko, beste sistema bat posiblea delako!
Greba Orokor Feministak jarraipen zabala izan du, eta Euskal herriko hiri zein herrietako kaleak aldarrikapenez bete ditugu. Goizean goizetik piketeak, kazeroladak, elkarretaratzeak eta bestelako mobilizazioak egin ditugu hiriburu zein herri eta auzoetan. Hego Euskal Herriko etxeko eta zaintza langileen elkarteetatik koordinatutako ekimenak egin dira hiriburuetan: etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea exijitu dugu. Eguerdian herri herri zaintza langileen egoera prekarioak salatu dira.
Zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko manifestazioak egin ditugu arratsaldean Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean, eta parte hartzea izugarria izan da! Pertsona guztiontzako zaintza eskubide kolektiboa bermatuko duen herri batean bizi nahi dugulako, Hego Euskal Herriko hiriburuak bete ditugu!
Proposamen politiko ezaren aurrean, Herri Akordio bat osatu dugu prozesu honetan batu garen mugimendu feministako, eragile sozial eta sindikatuetako kideok. Zaintza sistema publiko eta komunitario baterako bidean, erabakiak hartu eta aldaketak emateko unea da orain. Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera. Bide luzea dugu oraindik egiteko!
Hemen Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren manifestua:
Zorionak Euskal Herria! Berriz ere herria egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasun izugarria erakutsi dugu! Hemen gaude, etxeko eta zaintzako langileak, nagusien egoitzetako langileak, senideak, pentsionistak, ikasleak, gazteak, nekazariak, sindikalistak, feministak, migratuak… Eskerrik asko auzoetan, herrietan antolatzen egon zareten guztioi! Hamaika asanblada, greba komite, kotxe karabana, otordu, ekintza eta pikete egin ditugu. Zaintza sistema publiko-komunitario baten akde izugarrizko urratsa eman dugu gaur. HISTORIKOA izaten ari da! BIBA GU!
Denbora pasa da mugimendu feministak zaintza krisia eta honen dimentsio globala seinalatu zuenetik. Pandemiak argi utzi zuen jada kolokan zegoen zaintza erregimena, erabat kolapsatuta zegoela. Sistema kapitalistak, patriakalak eta kolonialak mantentzen duen zaintza erregimen bidegabearen aurrean gaude. Eta nahikoa da! Gaur kalera atera gara mundua aldatzeko, beste sistema bat posiblea delako!
Honek guztiak erantzun bat eskatzen zuen. Egoeraren aurreran, herriz herri, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan, aho batez erabaki genuen Greba Feminista Orokorrera joango ginela.
Bide hau, mugimendu feminista, zaintza sektore, eragile, sindikatu eta herri mugimendu gehiagorekin batera egin dugu. Martxoaren 8etan egindako greba feministek lortu zuten zaintza lanak agenda politikoan kokatzea. Hala ere, ikusi ditugu instituzioak eta alderdi politikoak, enpresa multinazionalak eta zaintza erregimen bidegabe hau sostengatzen dutenak gure diskurtsoak lapurtzen. Inongo eduki politikorik gabe, defendaezina dena defendatzen. Inolako lotsarik gabe.
Horregatik, garrantzitsua izan da gaur gure aldarriak kalera ateratzea, instituzioak interpelatzeko, enpresariak salatzeko, baita eremu honetan inolako ardurarik asumitzen ez duten gizonak ere seinalatzeko.
Euskal Herriko zaintza-erregimena erabat asistentzialista eta familista da. Sinestarazi da familiak eta zehazki, emakumeak direla zaintza lan horiek burutu behar dituztenak. Oso murritzak dira zaintza lanak eskaintzen dituzten gizarte-zerbitzu publikoak. Gainera, zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari dira instituzioetatik. Zaintza negozioa bilakatu dute, etekinei begiratuz, azpikontratazioen bidez eremu publikotik atera eta merkatu pribatuaren esku utzi dituzte. Horregatik esaten diegu, funts putre, multinazional, eta irabazi asmoari sostengatzen ari diren enpresa zein instituzioei: utzi gure bizitzekin negozioa egiteari!
Etxeko eta zaintza lanak, historikoki, gutxietsita eta ikusezin egon dira, ez dira lan gisa onartu, eta horregatik ez dira lan erregimen orokorrean sartuta egon. Honek etxeko langileen esplotazioa eta prekarizazioa baimendu du. Era berean, atzerritartasun legeak eta honi lotutako arrazakeria instituzionalak, politikoak, legalak, sozialak… ez die emakume etorkinei bestelako bizi eta lan aukerarik eskaintzen. Etxeko langile egoiliarrak ez du egun inolako eskubiderik: ez atsedenerako, ez gaixotasun baimena izateko, ez langabezia, ez greba eskubidea…
Landa eremuan are argiago egiten zaigu sistema honek bizitzaren aurka daraman programa. Zerbitzu sozialez hustu dituzte eta turismo eta aisialdirako prestatu, bertako biztanleria ihes egitera bultzatuz. Lurra, ura, haziak eta abereak pribatizatu dituzte eta makroproiektuen bidez suntsitu.
Bizitzeko, bizitza zaindu behar da, bai pertsonona, bai naturarena.
Pentsiodunek ere argi diote! Erretiro pentsio baxuenak dituztenen artean, %80 emakumeak dira. Lan feminizatuak eta bereziki zaintza lanak aintzat ez hartzearen ondorio zuzena. Hori horrela, gaurko egun hau ere, Euskal Herriko Pentsionisten mugimenduak aspalditik exijitzen duena exijitzeko erabili nahi dugu, 1080 orain! pentsionista guztiontzat, inolako bereziketarik gabe.
Aipaturiko guztiagatik esaten dugu gaur egungo sistema kolapsatuta dagoela eta ezinbestean, berehala, egoera larriei buelta eman behar diegula. Era berean, epe luzera begiratu behar dugu eta kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoaz gaindi, etorkizunean nahi dugun zaintza sistema publiko-komunitario amesteko eta egikaritzeko unea da.
Horrez gain, sistema publiko duina nahi dugu orain. Osasuna, hezkuntza eta zaintza bermatuko dituena, Argi dugu: guztiok zaintza eskubiderako sarbidea izateko, pentsio duinak, etxebizitza eskubidea, errolda eskubidea, zaintzeko denborak, baimenak, lurrak, abereak, basoak behar ditugu. Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko indartsua nahi dugu!
Zaintzarako eskubide kolektiboa bermatuko duen zaintza sistema publikoa: hau da, guztion zaintza eskubidea eta zaintzeko ardura. Beraz, guztioi dagokigu zaintza-sistema publiko eta komunitario duin baten alde borrokatzea.
Horregatik, proposamen politiko ezaren aurrean, Herri Akordio bat osatu dugu prozesu honetan batu garen mugimendu feministako, eragile sozial eta sindikatuetako kideok. Zaintza sistema publiko eta komunitario baterako bidean, erabakiak hartu eta aldaketak emateko unea da orain. Zaintza lehen mailako arazo politikoa da, gure bizitzak, lurrak, komunitateak daude jokoan. Euskal Gobernuei zuzentzen gara, argi eta garbi: mahai intersektorial bat sortzea exijitzen dugu, zaintzaren gaiari urgentziaz heltzeko. Ez egin entzungor gure eskaerei. Borondate politikoa eskatzen dugu urgentziazko egoera honetan. Gobernuetan, udaletxeetan, foru aldundietan ardura postu guztietan, hartu ardura, bihar bertan. Ez egin entzungor gure eskaerei.
Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera. Bide luzea dugu oraindik egiteko eta gaurkoa bezalako beste mugarri ugari izango ditugula ziur gaude. Gaurko mobilizazio egun honetatik indartsu aterako gara, eta antolatzen eta sareak ehuntzen jarraitzeko oinarri sendoak utziko dizkigu. Gure arteko aliantzak eraikitzen ere jarraituko dugu, Herri Akordioan jasotako eduki eta aldarrietan sakonduz. Beraz, antolatu, zaindu eta bizirik mantendu gaur arte sortu dugun guztia! Euskal zaintza Sistema Publiko-Komunitarioa dugu irabazteko!
Euskal Herria Feminista izango da!
Gora zaintza langileak!
Gora Euskal Herriko langileak!
Gora borroka feminista!
Leave A Comment