Langileen %70 baino gehiagok babestu dute greba oro har. Aste osorako dago greba deituta dago esparru horretan.
Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako 9.000 langile inguru daude gaurko grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen diote hezkuntza. Greba egunak oso jarraipen zabala izan du; apirilaren 25ekoak eta urriko hiru egunek izandako jarraipena gainditu du. Lan zuzendaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituen arren, sindikatuok batu ahal izan ditugun datuen arabera geldialdia %70 ingurukoa izan da. EAEko hiru hiriburutan egindako kalejira, pikete, ekintza eta manifestazioetan 5.000 langile inguru batu dira.
Helburua 2021eko abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Aurreko Hitzarmena 10 urtez berritu gabe egon zen eta 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek hitzarmen berria lortzeko. Azken mahaitik 9 hilabete igarota zirela, azaroaren 27rako mahai negoziatzailea deitu zuten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek. Mobilizazioek behartutako mahai honetara ez zuten ordea inolako proposamenik ekarri.
Hezkuntza Sailak ere sindikatuon eskaera birritan jaso ondoren bilera batera deitu zituen sindikatuak. Pasa den astean, abenduaren 5ean izandako bilera hura ere aurrerapausorik gabe
amaitu zen ordea. Sindikatuok, aurreko gatazkaren bide berdinetik ez joateko borondatea adierazi dugu. Eta Hitzarmena lehenbailehen adostea ahalbideratuko duten proposamenak mahaira ekartzeko eskatu diegu patronalei. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ere gatazkaren irtenbidean esku har dezala galdegin diogu.
Aste osorako dago greba deituta. Eta bihar ere hiru hiriburuetan izango dira mobilizaizoak. Goizeko lehen orduetan kotxe karabanak egingo dituzte grebalariek eta 11.30ean manifestazioa
izango da Bilbon Eskolapios ikastetxetik hasita eta elkaretaratzeak Donostian eta Gasteizen, Kristau Eskolaren egoitza aurrean eta San Viator ikastetxe aurrean hurrenez hurren.
Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.
Leave A Comment