Santo Tomas den egun honetan, Eusko Legebiltzarrean onartu nahi da gaur, datozen urteetan hezkuntza sistema arautuko duen Hezkuntza Lege berria.
Lege txerri honek marko legala jarriko du irakaskuntza pribatua gizentzen joan dadin neurririk gabe, eskola publikoaren kaltetan, %100eko finantzazioa ziurtatuz 2 urtetik 18etara inolako baldintzarik gabe. Kontzertazio unibertsala legeztatuko da, beraz, orain arte indarrean zeuden araudi guztien gainetik. Itunpeko sarearen interesei erantzuten dien legea baino ez da hain zuzen ere.
Lege txerri hau kontsentsu sozialik gabea da, adostasun eskasekoa, eta Hezkuntza Publikoaren gehiengoaren gaitzespena du. Eskola Publikoaren hezkuntza komunitateak legearekiko bere erabateko desadostasuna adierazi du azken bi urteetan, bai Legebiltzarrean, bai milaka herritarron kontrako jarrera bilduz hiru hiriburuetan burututako manifestazioetan. Alferrik, entzungor egin zaie, Eskola Publikoaren gehiengoak mahai gainean jarritako proposamen guztiei.
Hezkuntza lege txerri honen muina Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa da, sare publikoa eta pribatua parekatzen eta berdintzen duen kontzeptu neoliberala eta pribatizatzailea. Baina pribatua ez da publikoa!
Hezkuntza lege txerri hau gizarteari egiten zaion iruzur handia da, ez duelako neurri eraginkorrik proposatzen eskola-segregazioari aurre egiteko, ezta ghetto bihurtu diren ikastetxeei buelta emateko ere. Honen harira, azken ikerketek (PISA, Ebaluazio Diagnostikoa…) berriro ere azaleratu dute ikasleen jatorriak eta euren maila sozioekonomikoak duten eragin zuzena ikaskuntza prozesuan, baita emaitzetan ere.
Hezkuntza lege txerri honek “zelaia libre” uzten du ikastetxe bakoitzak nahi duen hizkuntza eredua ezarri dezan, bukaerako helburua (B2) lortzeko bermerik gabe utziz.
Hezkuntza lege txerri honek ikastetxeen arteko lehia bultzatuko du, merkatuaren logika hutsean.
Lotsagarria da, gure ustez, prozesu osoan zehar alderdi politikoen gehiengoaren jokabidea, hezkuntzak dituen benetako erronkak ezkutatuz, eztabaidari uko eginez eta gizartea engainatuz. Hezkuntza lege hau iruzur handia da.
Horregatik, Santo Tomas den egun honetan, oinarrizko eskubideen eta gizarte-kohesioaren izenean, LEGE TXERRI HAU BERTAN BEHERA GELDITZEA eskatzen dugu, eta ESKOLA PUBLIKOA LEHENESTEA, irakaskuntza zerbitzu publikoa hezkuntza sistemaren ardatza bihurtu dadin.
Euskal Herrian, abenduaren 21ean
Leave A Comment