Departamentuarekin negoziazio bideak irekitzeko beharra planteatu dugu, irakasleak kezkatzen dituzten gaiei heltzeko asmoz, mobilizazio deialdiak baztertu gabe.
Irakaskuntza publikoko irakasleok urte asko daramatzagu erosahalmenaren galera handia jasaten, % 20tik gorakoa, kasurik onenean. Oso une konplexuan gaude eta erronka asko ditugu aurre egiteko hezkuntzaren esparruan. Ez da negoziatu ikasleen hezkuntza arreta eta irakasleon lan baldintzak hobetuko dituen aldaketarik. Hobekuntzak aipatzen ditugunean, ratioen, zuzeneko irakaskuntza saioen, burokrazia zein gehiegizko lan zamaren jaitsieraz ari gara, baita soldaten eta plantilen egonkortasunaren igoeraz ere.
Horregatik, STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok eskaera luzatu diogu Hezkuntza Departamentuari lehenbailehen has dadin Mahai Sektorialean negoziazio prozesu bat, arrazoizko egutegi bat ezarriz, irakasleok kezkatzen gaituzten gai horietan aurrera egin dezagun.
Gogoan izan behar dugu ikasturte honen hasieran, lehen Mahai Sektorialean, Gimeno kontseilariak negoziatzen hasteko prest zegoela adierazi zigula sindikatuoi. Une honetan, zenbait Mahai Sektorial egin ondoren, zain jarraitzen dugu.
Abenduaren 20ko Mahai Sektorialean, irakaskuntza publikoko irakasleen sindikatuok, negoziazio-bide berri bati ekiteko nahia adierazi genion Hezkuntza Departamentuari. Lehen bilera lehenbailehen egin beharko litzateke, horregatik, urtarrilaren 8 eta 12 bitarteko astean elkartzeko beharra ikusten dugu. Era berean, prest gaude helburu horiek lortzeko neurri guztiak hartzeko, eta, premiazkoa bada, mobilizazioak planteatzeko.
Iruñea, 2023ko abenduaren 21a
Leave A Comment