Sindikatuok hitzarmena sinatzea ahalbideratuko duten proposamenak lehenbailehen egiteko aldarria zuzendu diegu patronalei. Jaurlaritzari, berriz, oztoporik ez jartzeko eta gatazka bideratzeko esku har dezala galdegin diogu.

Hitzarmena berritzeko borrokan Gizarte Ekimeneko langileek hamabigarren greba eguna dute gaur. Grebak jarraipen zabala izan du, %65etik gorakoa; aurreko greba egunetakoen pare. Greba aurreko asteetan, patronalek bileretara deitu dituzte sindikatuak, baina akordioa lortzeko gakoak diren gaietan ez dute gutxieneko edukirik aurkeztu.

Soldaten inguruko planteamendua izan da zehaztasunez aurkeztu duten bakarra, eta onartezina da, 2021-2024 bitarte KPI akumulatua bera ere ez baitu bermatzen eta langile hauen soldatak mahai negoziatzailetik at erabakitzea baitakar. Funtsezkoak diren gainerako edukiei dagokionez, ez dago proposamenik. Lan kargak arintzeko neurririk ez dago, sektore feminizatu eta prekarioenen lan-baldintzak hobetzeko ere ez, AZPko langileentzat urteko 15 orduko lanaldi murrizketa sinboliko bat soilik eta enplegua bermatzeko proposamen zehatz eta eraginkorrik ere ez dute aurkeztu.

Sindikatuok lehenbailehen eman nahi diogu irtenbidea gatazka honi; eta horretarako giltza patronalek daukate. Horregatik, patronalei eta Jaurlaritzari eskatu diegu gatazka luzatzeko estrategiak eta greba eskubidea urratzeko jarrerak alboratzea, baita hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten edukiak landu eta lehenbailehen mahaigaineratzea ere.

Sindikatuok beste bi greba egun ditugu deituta urtarrilerako: urtarrilaren 24 eta 25. Bihar, urtarrilaren 24an kotxe karabanak eta mobilizazioak egingo ditugu Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Goizeko mobilizazio nagusiak 11.30ean izango dira, Eskolapioetako ikastetxean Bilbon, Kristau Eskola patronal nagusiaren egoitza aurrean Donostian eta San Viator ikastetxe aurrean Gasteizen.