LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok agerraldia egin dugu Bilbon, 2023ko laneko ezbeharren txostena aurkezteko. Lan-istripuak eta gaixotasun profesionalen inguruko datuak jasotzen dira bertan eta adierazi dugu 2023ak azken urteotako joera berretsi besterik ez duela egin. Izan ere, azken 10 urteotan, gutxienez 587 langile hil dira lan istripuz eta 2023an, 59. Gainera, istripu kopuruak ez du etenik, nahiz eta gero eta jende gehiagok zerbitzuetan lan egiten duen zerbitzutan (%73ak), hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoretatik kanpo.
Aurkeztutako txostenak bi atal nagusi ditu. lehenak, sindikatuon datuak jasotzen ditu. Lehen atalari jarraiki, 2023ko istripu hilgarrien inguruko zehaztasunak eman ditugu. Horrela, 20 heriotza istripu ez traumatikoetan izan dira, 9 kolpe edo harrapaketen ondoriozkoak, 7 in itinere, 6 altueretatik erorita, 3 intoxikatuta eta beste 3 erailda edo euren buruaz beste eginda.
Ondorengo estekan irakur daiteke txosten osoa: TXOSTENA
Egoera latz honen aurrean, sindikatuok urrats berriak emango ditugu:
- Gure iruditegi berriarekin bat ekimen berriak burutuko ditugu.
- istripu hilgarrietan kontzentrazioak egiten jarraituko dugu eta baldintzak ematen direnean aktibitatea geldiarazi.
- Istripu asko ematen diren momentuetan mobilizazio bereziak egingo ditugu Patronala eta Gobernuak interpelatuz. Honela, datorren otsailaren 14an Bilbon mobilizazio bat egingo dugu heriotza asko eman diren bolada berri hau salatzeko eta gobernu zein patronalaren ardurak argitzeko.
- Mutualitateen publifikazioa lortzeko borroka ezberdinak piztuko ditugu.
Gobernuei exijitu diegu patronalari araudia betearazteko bitarteko errealak ipini ditzala:
- Osalanen eta NOPLOIko teknikariei isunak jartzeko gaitasuna eman.
- Ikuskari kopurua biderkatu.
- Ikuskariei ofizioz enpresak zelata ditzatela, ardura guztia delegatuen gain utzi gabe.
- Patronalaren inpunitatea apurtzeko erabakia hartu, kanpaina hertsatzaile gogor bat abian ipini dezatela eskatuz.
- OSALAN eta NOPLOI fiskaltzarekin koordina daitezela kausa penalak dinamizatzeko.
- Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalak laneko gaixotasun oro katalogatu dezala, bereziki sektore feminizatuetan horrelako eragina duten psikosozialak.
Leave A Comment