Erakundeen eta alderdi politikoen borondate ezaren aurrean, langile publikoek ozen aldarrikatu dugu zerbitzu publikoak indartzearen beharra.

ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok deituta, eta martxoak 12ko grebaren atariko, langile publikook lantokietan elkarretaratze jendetsuak egin ditugu “Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu” lelopean. 100 elkarretaratze baino gehiago egin dira EAEko sektore publikoko lantokietan.

Adibidez, Osasungintzako langileek 39 elkarretaratze egin dituzte ospitale eta osasun zentro nagusietan (lehen arretan 13:00etan egingo dira), adibidez, Donostia Ospitalean, Zumarraga Ospitalean, Txagorritxu Ospitalean, Gurutzeta Ospitalean, Basurtu Ospitalean, Iztieta Osasun Zentroan, Azpeitiako Osasun Zentroan, Arrasate Osasun Zentroan, Irun Centro Anbulategian,
Salburuako Osasun Zentroan, San Martin Osasun Zentroan, Galdakao Osasun Zentroan, Kabiezes Anbulategian; etab.

Udal-Foru esparruan ere 30 tik gora egin dira, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, zein EAEko hainbat eskualdeetako herrietan. Hala nola, Eibar, Errenteria, Zarautz, Azpeitia, Ordizia, Arrasate, Oñati, Pasaia, Barakaldo, Santurtzi, Ortuella, Basauri, Bermeo, Zornotza, Getxo, Leioa, Erandio eta Laudion, besteak beste.

Hezkuntza publikoan ere hogeinaka eskoletan, sukaldetan eta haurreskoletan elkartu dira, besteak beste, Donostiako Zubiri Manteo eskolan eta Iralen, Bilboko Zamakola Juan Delmas eskolan eta Intxixu Ikastolan, Eibarreko Haurreskolen egoitza aurrean, edota Balmasedako Mendia edota Hondarribiko Talaia eskoletako sukaldetan. Administrazio orokorreko langileak Gasteizko, Bilboko eta Donostiako Jaurlaritzaren egoitza atarietan elkartu dira. Azkenik, EITBko langileak Bilboko egoitzan, garraio publikoko langileak Bilbon, eta EHUkoak, martxoak 6ko grebaren bezperan, Leioa, Ibaeta eta Gasteizko kanpusetan batu dira.

Elkarretaratze horietan, langile publikoak martxoaren 12ko grebarekin bat egiteaz gain, erakundeen eta alderdi politikoen borondate eza salatu, eta langile publikoek ozen eskatu dugu EAEko erakunde eta alderdi politikoei politika publikoak aldatu eta indartu ditzatela, eta horretarako ezinbestekoa dela langile publikoen enplegua, soldatak eta lan baldintzak hemen erabakitzea eta zehazki honako eskaerak egin ditugu:

  • % 10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea , behin-behinekotasuna % 8ra jaitsiz.
  • Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe.
  • Ihardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean.