Nafarroa Garaiko Irakaskuntza publikoko STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariok elkarretaratzea egin dugu gaur Iruñean, Parlamentuaren aitzinean, Carlos Gimenok zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuari exijitzeko konpromiso, egutegi eta proposamen zehatzak jar diezazkiola negoziaziori.

Badira hilabete batzuk Irakaskuntza publikoko sindikatuak hasi ginela Hezkuntza Departamentuarekin egin beharreko negoziazioari ekiteko eskatzen; negoziazio bat irakasleen baldintzak eta hezkuntza publikoaren egoera hobetzeari begira. Badira hilabete batzuk legegintzaldi eta ikasturte berriak hasi zirenetik. Baina Hezkuntza kontseilaria Nafarroako Irakaskuntza Publikoko ordezkaritza dugun sindikatuekin bitan baino ez da elkartu.

Joan den urtarrilaren 22an, Gimenok negoziatzeko prestasuna adierazi zuen. Baina badirudi ez zela premiazko kontu bat. Izan ere, bi hilabete pasatu dira berriz ere sindikatuak Mahai Sektorial batera deitu dituzten arte. Heldu den martxoaren 22an izanen da bilera hori, eta bilera horretatik aipaturiko sindikatuok nahi dugu negoziazioa hasita ateratzea; konpromiso, egutegi eta proposamen zehatzekin. Departamentuari epe eta erritmoekin gehiago ez jolasteko exijitzen diogu STEILAS, LAB, CCOO eta UGTk.