STEILAS sindikatuko LGTBIQ+ taldeak antolatutako formakuntza jaso dugu maiatzaren 9an liberatu, afiliatu eta lankideok: pornografia hezkuntzan. Hiruki Larroxako kidea den Ibai Fresnedoren eskutik jaso dugu formakuntza, eta argitaratu berri duten unitate didaktikoak ere aurkeztu dizkigu.

Goizeko 10:00etan eman diogu hasiera saioari. Hasteko, “Armairutik plazara!” izeneko unitate didaktikoen aurkezpena egin du, izen bereko dokumentalean oinarrituta dagoena. Guztira sei unitate osatu dituzte, eta Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta daude (maila bakoitzeko bat). Helburuak honakoak dira: Hernaniko LGTB historiaren mugarriak eta erreferenteak eskaintzea, heteroarauari eta matxismoari buruzko kontzientzia sustatzea, gailentzen den eredu sexualaren aurrean ikasleei aukerak ematea, LGTBgobia identifikatu eta salatzeko tresnak eskaintzea eta LGTB ikasleentzako espazio seguru eta erosoak sustatzea. Gaiei dagokienez, hauek dira unitate didaktikoek jasotzen dituztenak: gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria historikoa.

Goizeko bigarren partean, “Pornografia hezkuntzan” formakuntzari ekin genion. Lehenik eta behin, gaia bere testuinguruan kokatu genuen, sexualitatearen informazio-iturrien gaineko datuak aztertuz. Pornografiari lotuta, ikuspegi moralista, sexufobia eta beldurrari buruz hausnartu eta hainbat galdera planteatu genituen: pornografia txarra da? Esaten da gazteek gero eta lehenago ikusten dutela pornografia, ez al da hobea esatea gero eta beranduago jasotzen dutela sexu-hezkuntza? Ez al dago hutsune handi bat sexu-hezkuntzan?

Jarraian, gure eredu sexualaren ezaugarriak landu genituen: zisheterosexista, androzentrikoa, erredukzionista, koitozentrikoa, genitalizatua, falozentrikoa, monogamo-ezkontidea, moralista-araultzailea eta adulista. Horri lotuta, pornografiaren definizioaz mintzatu eta egun dauden pornografia ereduak ezagutu genituen: mainstream edo industriala, feminista eta amateurra. Horien artean gehien kontsumitzen dena mainstream-a izanik, eredu horren ezaugarri eta eraginez (onez eta txarrez) hitz egin zigun Ibai Fresnedok.

Pornografiaren kontsumoari nola heldu aztertu genuen goizeko azken partean. Taldeka bildu eta hausnartu genuen nola bizi dugun pornografia hezitzaile gisa, eta eztabaidatu pornografiak helarazten duen ereduari buruz, gazteen artean duen ikusgarritasun eta kontsumoari buruz, hezkuntza-esparruan egiten diren lanketei buruz, familien partetik entzuten dugunari buruz… Ondoren, sexu-eskubideak aipatu zizkigun Hiruki Larroxako kideak, eta sexu-hezkuntza feministaren garrantzia azpimarratu zuen, bere ardatzak azalduz. Amaitzeko, ezaugarri kurrikularrak landu eta curriculumean eragiteko proposamenak eman dizkigu. Gure artean ere, hitz egin eta beste hainbat ideia planteatu ditugu.

Formakuntzan erabilitako eta aipatutako materialak ikusgai izango dituzue ondorengo estekan: https://steilas.eus/arloak/lgtbi/