Estatuko azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdi politiko guztiei sindikatuok egindako gonbidapenaren ondorioz egin dira bilerak. Gainerako alderdi politikoek gonbidapena ez onartzea edo erantzun ere ez egitea erabaki dute.

Gaur, Bilbon, ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok deitutako aldebiko bilerak egin dira, Madrilgo Diputatuen Kongresurako deitutako azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdi politikoekin. EH Bilduko eta SUMAReko ordezkariek parte hartu dute aldebiko bileretan. EAJ-PNVk gonbidapenari uko eginez erantzun duen bitartean, PODEMOS, PP eta PSEk erantzun ere ez dute egin.

Bilera horietan, sindikatuok EAEko sektore publikoko azken greba-egunetik hartutako erabakiei eta egoerari buruzko irakurketa helarazi diegu. Gainera, sindikatuok proposamen bat aurkeztu diegu bi alderdi politikoei. Madrilgo Diputatuen kongresuan zuzenketa edo emendakin bat aurkezteko gonbitea luzatu diegu. Emendakina onartuz gero, gure herrialdean euskal sektore publikoko 150.000 langile baino gehiagoren enplegua eta soldata hemen erabakitzea ahalbidetuko luke.

Sindikatuok EH Bildu eta SUMAR alderdiei eskatu diegu euren botoak Madrilen erabil ditzatela sektore publikoko langileen lan-baldintzak hemen negoziatu ahal izateko. Hamarkada bat baino gehiago da Madrilek, aurrekontu legeen edo antzeko legeen bidez, esparru publikoko sektore guztietako soldaten eta enpleguaren arloko negoziazio kolektiboari betoa jartzen diola. Beto hori normalizatuta ez geratzeko edota indartzeko, SUMERek kasu honetan egin duen bezela, eskatu diegu sindikatuok bi alderdi politikoei. Autogobernua defendatzeko eta beraien botoak erabiltzeko eskatu diegu, bereziki oso baliotsuak diren une honetan, gure sektore publikoaren soldata eta enplegu-beharrak hemen negoziatzeko, 80ko eta 90eko hamarkadetan egiten zen bezala. Borondate politikoa badago, posible da.

Bestalde, sindikatuok erabaki dugu, bilerara etortzeko gonbidapenari uko egin dioten alderdiei, zuzenketa bidaliko diegula. Eta emendakinarekin batera, alderdi politiko hauekin biltzeko borondatea berretsi dugu. Nahi duten formatoan eta lekuan biltzeko borondatea, helburu argi batekin, alderdi politiko horiek euskal sektore publikoko lan-baldintzak eta enplegua gure herrian erabakitzeko aldarrikapena bere egin dezaten eta beraien botoak ere erabili ditzatela autogobernua defendatzeko eta betoarekin amaitzeko.

Azkenik, sindikatuok elkarretaratzeak egingo ditugu EUDELen aurrean, 10:30ean, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 11:30ean, maiatzaren 27an, euskal erakundeei eskatzeko Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritza huts gisa funtzionatzeari utz diezaiotela, beren eskumenak erabil ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela, pribatizazioak alde batera utz ditzatela, enplegu publikoa sor eta finka dezatela eta euskal herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzen dizkieten langile publikoen lan-baldintzak hobetu ditzatela.