Aspaldi gertatzen zaio jende gehienari medikuarekin hitzordu bat eskatu, eta hori atzeratu behar izatea, sendagile faltagatik. Agian jende gutxiagok ezagutzen ditu Nafarroako Hezkuntza Publikoan dauden itxaron zerrendak, eskatzen denean hezkuntza laguntzako langileen esku-hartzea, hala nola honako hauena: orientatzaileak, Pedagogia Terapeutikoko irakasleak, logopedak, eskola sustatzaileak, Komunitateari Laguntzeko irakasleak edo kultura gutxiengokoak.

Bizi garen gizartearen isla dira ikastetxeak. Gauzak horrela, aise ulertzen da hezkuntzako langileok ikasgeletan gero eta ikasle gehiago izatea gorabehera hauekin: estimulazio eta arreta falta pantailen aurrean denbora gehiegi igarotzeagatik, irakasteko hizkuntza ez jakitea, zaurgarritasuna pobrezia dela kausa, desegituraketa eta indarkeria familian, substantzia kaltegarrien kontsumoa, bizikidetzarako jokabide kaltegarriak, gabezia afektiboak, edo askotariko koadro psikologiko eta emozional suntsitzaileak.

Hala, laguntza-premia duten ikasleak bikoiztu egin dira gure ikasgeletan azken 10 urteetan (2011-12an % 5,1 izatetik 2020-21ean % 9,3 izatera pasa dira) eta, ordutik, urtero % 2 handitzen da kopuru hori.

Ikasle horiek eta gainerakoak ongi artatzeko, hezkuntza-premien proportzio berean handitu beharko lirateke laguntza baliabideak, gutxienez. Baina diagnostiko klinikoa duten 10 ikasletik 2 baizik ezin dira artatu ikastetxeetako langileekin, gaur egun. Gainerakoak, diagnostikatutako 10 haurretatik 8, hezkuntza laguntzako unitateen edo orientazio departamentuen itxaron zerrendetan sartzen dira, uneren batean laguntza saioren bat izateko. Erroldatu ez direnak ez dira estatistika horietan agertzen, nahiz eta arreta berezia behar.

Gure hezkuntza sistemako arduradunek badakite ikasle guztiei arreta emateko, hezkuntza laguntzako espezialisten plantillak boskoiztu beharko liratekeela, eta ratioak murriztu, legeak ezartzen duen bezala, gela bakoitzean, gehienez ere, 20 haur egon daitezen. Horretarako, Nafarroako Gobernuak BPGaren ehuneko 3 puntu inguru gehiago inbertitu beharko luke Hezkuntzan, Frantziak, Finlandiak edo Belgikak egiten duten moduan. Hala ere, kontua da urtero baliabide urriak eta langileak ikastetxez ikastetxe eramaten dituztela, inklusioaren esku-oihalarekin estali nahian gure ikasgeletan aniztasunari ematen zaion arreta, ohe handi bat dena.

Dei egiten diegu ikastetxeei, familiei eta, oro har, gizarteari, gure ikasleei arretarik ez emateak dakartzan ondorioak aztertu ondoren, saia daitezen arazoari irtenbidea ematen, eta Nafarroako klase politikoari eska diezaioten ez dadin izan bere zorra (neurri handi batean, gainera, zilegitasunik eta moralik gabea) murrizten duen erkidego bakarra. Aitzitik, guztion dirua inberti dezala gure erkidegoan gero eta haur gehiagok bizi duen egoera tamalgarria iraultzeko. Beste edozein erabaki politikok gizarteko kolektibo zaurgarrienaren aurka egiten du.