ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu EUDEL eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, langile publikoen enplegua eta soldatak hemen erabaki daitezen aldarrikatzeko.

Gaur, maiatzak 27,  ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuko ordezkariok bi elkarretaratze egin ditugu Bilbon. Lehena EUDELen (Euskadiko Udalen elkartea) aurrean eta bigarrena Eusko jaurlaritzaren aurrean. Elkarretaratze hauetan salatu nahi izan dugu Euskal erakundeak (Eusko Jaurlaritza eta udal eta foru Aldundiak ) Espainiako Gobernuaren azpiordetza huts gisa funtzionatzen dutela, eta horrek ondorio larriak ekarri dituela langile publikoen lan eta bizi baldintzetan, baita euskal herritarrek jasotzen duten zerbitzu publikoen kalitatean ere.

Hau honela, sindikatuok euskal erakundeei eskatu diegu autogobernua eta eskumenak defendatu ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela eta langile publikoen enplegua eta soldatak hemen erabakitzeko pausoak eman ditzatela. Azken astean, sektore pribatuan Hego Euskal Herriko hitzarmenak lehentasuna izateko pauso garrantzitsuak eman diren honetan, sindikatuok sektore publikoen langileen lan baldintzak hemen negoziatzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu.

Bestetik, eta bide horretan joan den astean alderdi politikoekin hasitako errondarekin jarraitzeko, gaur bertan sindikatuok Podemos-Ahal dugu alderdiarekin bildu gara. Bertan, aldez aurretik beste alderdi politikoekin egin bezala, emendakina aurkeztu eta Podemos- Ahal dugu alderdiari eskatu diogu euren botoak erabili ditzatela Madrilen, euskal sektore publikoko langileen lan-baldintzak hemen negoziatu ahal izateko eta Madrilek ezartzen duen betoarekin amaitzeko.

Bukatzeko, sindikatuok helburu hauek lortu arte borrokatzen jarraitzeko asmoa berretsi dugu.