Horretarako Unibertsitateak berak berriki onartutako Kode Etikoa erabili du aitzaki moduan. STEILASen uste dugu halako Kode etikoa ezin dela Unibertsitatearen izaeraren muinean dagoen izpiritu kritiko eta sortzailearen bultzatzaile izatearen printzipioaren kontra joan. Mesede eskasa egingo dio horrela Unibertsitateak gure gizarteari, beharrezkoa duen eztabaida irekia bultzatu ordez, zentsura eta kantzelazio irizpideak bereganatzen baditu. EHUren kode etikoa sei printzipio nagusiren gainean eraikitzen da: berdintasuna, askatasuna, egia, errespetua, zerbitzu publikoa eta gizartearekiko konpromisoa eta jasangarritasuna. Eta, besteak beste, honako konpromisoak ere hartzen ditu bere gain: “bakea, justizia eta elkarbizitza demokratikoa eta goi mailako irakaskuntza eskatzen duten gizarteko beste taldeen etengabeko prestakuntza edo bizitza osoko prestakuntza sustatzea, eta euskal jendartearen garapen jasangarri eta bidezkoa bultzatzea, terrorismo eta indarkeria mota oro gaitzetsita”. Horietako bakar batek ere ezin da erabili bergizarteratzeko beharrezko pausu guztiak emanak dituen pertsona bat baztertzeko. Aitzitik hala egiteak pertsona horren eskubide eta integritatearen kontra egitea ere suposatzen du. Eta okerrena dena, ez bakarrik pertsona horren kontra baizik eta kongresuaren eta bertan parte hartu duten pertsona guztien kontra ere, babes gabe utziz iritzi publikoaren aurrean.
Horregatik eskatzen diogu EHUri ez dezala gehiago Kode etikoa zentzu hertsian interpretatu eta erabili dezala Errektoreak sarbidean dioen moduan ez arau juridiko baten moduan, baizik eta jokabide eta balioen transmisioaren bidez, egungo arauak interpretatzen lagundu eta etorkizuneko arauak lantzeko bidea erakutsiko digun jokatu beharreko eredu bezala.
Leave A Comment