Harriduraz jakin izan dugu Elena Aizpuru Segurola Haurreskolak Partzuergoko gerenteak kargua utzi duela, ikasturtea amaitu gabe eta langileoi ezer esan gabe.

Jokin Bildarratzen legegintzaldian Haurreskolak Partzuergoak bi gerente izan ditu: Zorione Etxezarraga eta Elena Aizpuru. Biek beren kargua egun batetik bestera utzi dute.

Elena Aizpuru ia hiru ikasturte aritu da gerentzia lanetan eta zeregin asko bukatu gabe joan da. Hona hemen amaitu gabekoak: Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmen berriaren negoziazio erreala ez du burutu, ordezkapen telematikoen aplikatibo informatikoa ez du garatu, nominen aplikatiboa bukatu gabe dago, kudeaketa langileen egonkortze prozesuak ez ditu bukatu edota 2024ko hezitzaileen behin betiko lanpostuen lehiaketa ez du amaitu.

Hau ez da STEILAS sindikatuak defendatzen duen eredu publikoa, eta lan hitzarmenaren negoziazioan egindako eskaera berresten dugu: eredu gerentziala bertan behera utzi behar da. Beraz, Begoña Pedrosa EAJko Hezkuntza Sailburu berriari eskatzen diogu gerente berri bat ez izendatzea eta lan hitzarmeneko 8. artikuluan beharrezkoak diren aldaketak txertatzea: Haurreskolak Partzuergoaren kudeaketa zuzena egitea Hezkuntza Sailak berak. Horrela soilik izango du behar duen aitortza EAEn Haurreskolak Partzuergoak, Haur Hezkuntza publikoko lehenengo zikloak.