Sindikatu guztiok eman diogu ezezkoa hitzarmen proposamenari.
Gaur, urriak 29, Mahai Negoziatzailea izan dugu Lakuan hitzarmen berria sinatuko genuen edo ez adierazteko. Gure sorpresarako, sindikatu guztiok irmoki eman diogu ezezkoa.
Nahiz eta azken proposamenean zuzenketa-akatsak egon, gure aldetik, hau ez da izan ezetza emateko arrazoia. Izan ere, adostasuna emango balitz, akats horiek momentuan bertan zuzentzeko aukera hor legoke.
STEILASetik azken proposamena ez babesteko arrazoia, guretzat garrantzitsuak diren puntuak oraindik txertatu gabe egotea izan da. Badakigu eduki interesgarriak daudela mahai gainean baina, guretzat, ez dira nahikoak eta ezin dugu edozer onartu horren trukean.
Gauzak horrela eta hitzarmen hau aurrera ateratzeko gehiengo sindikalaren babesa behar dela jakitun garen arren, ez dira guk hau babesteko baldintzak eman eta negoziatzen jarraitzea eskatu dugu.
Hitzarmenarekin batera, merezimendu-lehiaketatik eratorritako finkoekin eta hauen jabetzekin nola jardun adosteko proposamena jarri digu Hezkuntza Sailak mahai gainean. STEILASetik, beste behin ere, egoera honetara beraien utzikeriagatik iritsi garela eta ezin gaituztela egoera honen erantzule egin adierazi dugu. Beraz, STEILASek ez du akordio hau sinatu.
Leave A Comment