ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuek deitu dugu greba EAEko zerbitzu publiko osoan, “zerbitzu publikoan alde, soldatak eta enplegua hemen adostu”  lelopean.

Lehen orduko datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan, grebak jarraipen zabala izaten ari da. 

Unibertsitatez kanpoko hezkuntzari dagokionez, orokorrean grebaren jarraipena zabala izaten ari da. Hezkuntza publikoko Irakasle, Heziketa Bereziko langile, Sukalde eta Garbiketako langileek bat egin dute gaur Zerbitzu Publikoen alde deitutako greba deialdiarekin. Haurreskoletan eragina are handiagoa izaten ari da greba.

EHUn ere jarduera akademikoa oso urria izaten ari da, fakultate batzuetan eragina ia osoa izanik magisteritza edo psikologia kasu. Administrazio eta zerbitzuetako langileen artean lekuz leku grebaren jarraipena desberdina izan da.

Udal, Foru, komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, grebaren jarraipena zabala izaten ari da lehen orduotan. Administrazio Orokorrean eta Justizi administrazioan jarraipena zabala izango da, baina herrialdeka eta esparruka aldakorra.

Osakidetzan zerbitzu minimoek guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Milaka langileri greba eskubidea ukatu egin zaie, zerbitzu askotan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak direlako.