Abendurako deitutako bost greba egunek babes zabala jaso dute. Gaur 5.000 langile inguru izan dira Bilboko manifestazioan. Patronalei eskatu diegu negoziazioa desblokeatzeko eta Hezkuntza Sailari gatazkan esku hartzeko.
Bost greba egun hauetan antolatu diren mobilizazio eta ekintzetan milaka langilek hartu dute parte, eta gaurkoan ere, 5.000 langile inguruk bete dituzte Bilboko kaleak.
EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude, 200 ikastetxetik gora dira eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua. Abenduaren 11tik 15era deitutako bost greba
egunek, aurrez egindako beste laurak bezalaxe, jarraipen zabala izan dute langileen aldetik, %65 eta 70 bitarte.
Helburua 2021ako abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Sindikatuok Kristau Eskola patronal nagusiari eskatzen diogu publikoki adierazi duen negoziaketarako borondatea isla dadila mahai negoziatzailean, benetako edukiekin. Azken mahaitik 9 hilabete igarota, azaroaren 27rako mahai negoziatzailea deitu zuten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek mobilizazioek behartuta. Baina ez zuten ekarri inolako proposamenik. Bost greba egun hauetan ere ez dute deialdirik edo proposamenik egin.
Hezkuntza Sailari berriz, gatazka honen irtenbidean parte har dezala eskatzen diogu, beste aldera begiratu ordez. Eusko Jaurlaritzak ere badu zeresanik. Itundutako eskolek dituzten finantzaketa iturrien gaineko gardentasuna kontrolatzeko ardurarekin batera, langileen lan baldintza egokiak bermatzeko ardura berea ere bada.
Langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak eman eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak egingo ez balira, urtarrilean mobilizazio eta grebak indartu beste biderik ez dugu izango sindikatuok.
Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak ekiditeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.
Leave A Comment