STEILASek errekurtsoa jartzea erabaki du Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eskola-jardunaldi motak arautzen dituen Foru Aginduaren aurka. Izan ere, bertan jasotzen diren zenbait punturekin desadostasun handiak ditugu eta uste dugu Hezkuntza Departamentuak azpikeriaz eta agian legez kanpo jokatzen duela horietako batzuetan.
Gimeno kontseilariak urte hauetan errepikatu du jardunaldi jarraia eta malgua ezartzeko orain arte eskatutako gehiengo kualifikatuak berrikusiko lituzketela, baita familien bozketen emaitza zentroko errolda osoari lotuta egoteko irizpidea ere, eta ez emandako benetako botoei. Bozketa horiek zeuden bezala mantentzeaz gain, LOMLOE nahieran interpretatzen du, bozketa berezia familietara zabaltzean. LOEk eta LOMLOEk jasotzen dutenez, “hezkuntza-administrazioek arautuko dituzte Eskola Kontseiluak erabakiak hartzeko beharrezkoak diren gehiengoak eta, aldi berean, zehaztuko dute hezkuntza komunitatean eragin berezia duten erabakiak gehiengo kualifikatuz onartu beharra.” Arauan ulertzen denez, gehiengo kualifikatu horrek Eskola Kontseiluaren erabakiak baino ez ditu aipatzen, eta familien bozketaren kasuan interpretazio zabaldua eta partziala egiten ari da. Horrek ez luke horrela izan behar, baizik eta gehiengo soil batekin nahikoa izan beharko luke.
Are gehiago, bozketen ordena aldatzean (lehenik familiak, gero Eskola Kontseilua), Eskola Kontseiluari ebasten ari zaio erabakitzeko eskumena prozesua aurretik bukatzen den kasuetan, ikastetxeko organo gorena baita.
Aipatzekoa da, halaber, ezartzen duela irakasle klaustroaren bozketa aholku-emailea baino ez izatea, eta ez loteslea, horrela, irakasleoi ahalmena kentzen digula. LOMLOEren 129. artikuluan jasotzen denez, irakasleen eskumena, besteak beste, “onestea eta ebaluatzea curriculumaren zehaztapena eta proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntza-alderdi guztiak.” Ordutegi aldaketa ikastetxeko proiektu bat da, noski; orain arte klaustroko bozketa loteslea zen, eta prozesuaren hasieran kontsultatzen zitzaien irakasleei. Foru agindu honen bidez klaustroa gutxiesten da.
Hori gutxi balitz, Departamentuak Foru Agindu hau baliatzen du ikastetxeetako eskola ordutegia aldatzeko, eta aukera ematen die ikastetxe publikoei “seigarren ordua” deiturikoa emateko. Neurri hori oso eztabaidagarria izan da ezarri den erkidegoetan eta gerora kendu dute, eta inon ez dago informaziorik horren premiari edo komenigarritasunari buruz. Murrizketa argia da, eta gogorarazten digu Iribas kontseilariak ezarri zuen irakaskuntza zuzeneko ordutegia handitzea, eta horrek ekarri zuen 800 irakasle baino gehiago kaleratzea eta gainerakoentzat gainzama izugarria gehitzea.
Urteak daramatzagu zama burokratikoa eta programa berriak gehitzen, eta prestakuntza ordu gehiago izateko ratioak edo irakaskuntza zuzeneko orduak murriztu beharrean, horiek handitzeko baliatzen dute foru agindu hau. Ustez, familientzako kontziliazioa hobetzen saiatzen dira, baina hutsaren trukean eta baliabiderik jarri gabe.
Bukatzeko, gogorarazi behar da kolektibo batzuek ahantzi dutela Nafarroan ezarritako hiru eskola jardunaldi motek jada kontziliazio neurriak jasotzen zituztela, eta familiek 16:30ean jaso ditzaketela ikasleak hiruretan. Agian, hobetu behar dugu udalen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza eredu bat, ikasleen ekitatea eta baztekeriarik eza helburu hartuta, Portugalen, Alemanian edo Bartzelonan egiten den bezala; zehazki, arratsaldeak curriculuma aberasteko jarduerak emanez eta kirol, arte, zientzia eta teknika, ingurumen edo gaitasun zibikoak landuz. Azken batean, hezkuntza ez-formaleko jardueretan ekitatea bermatzea eta eskola denborak eskolaz kanpoko jarduera publiko, unibertsal eta doakoekin doitzea.
STEILASek negoziazio mahaietan borrokan jarraituko du, baita epaitegietan ere, norabide horretan urratsak eman daitezen, eta ez dugu onartuko horretarako irakastordu gehiagorik ezartzea, irakasleen klaustroa alde batera uztea edo familia gehienen iritzia baztertzea. Familia horiek azken 15 urteetan aldaketarako borondatea agertu dute, eta ezin dugu ahantzi aldaketaren alde bozkatu dutela urte horietan lanaldia aldatzeko prozesua hasi duten ikastetxe guztiek.
Leave A Comment