Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitza eta osasuna sostengatzeko, gure gizartea eta munduaren iraunkortasunerako ezinbestekoak. Zaintza lanik gabe ezinezkoa izango litzateke sistema ekonomiko eta sozial honi eustea. Baina funtsezkoak izan arren, historikoki lan mota hauek emakumeoi egotzi zaizkigu nagusiki eta ikusezinak izan dira.

Etxeko esparru pribatuan dohainik, aitortzarik eta babes legalik gabe betetzen dugun zaintza lanari esker sistema kapitalista eta patriarkala sostengatzen da. Baina zertaz ari gara zaintza lanez hitz egitean? Pertsonen behar fisiko, psikologiko eta fisiologikoak asetzera doazen lan guztiak dira, hala nola, jaten eman, jantzi eta garbitu, botiken eta eritasunen jarraipena egin, eskolara joan-etorrietan lagundu, hezi… Bai eta horiek gauzatu ahal izateko aurretiko jarduerak, esaterako, janaria erosi eta prestatu, arropa eta etxea garbitu, sostengu emozionala eman… Beraz, mendekotasun egoera bat duen pertsona baten zainketaz gain, etxeko lanez ere ari gara.

Ez da kasualitatea sistema patriarkal eta kapitalistaren lanaren banaketa sexualean emakumeoi etxeko esparru pribatuko zaintza lan mota hauek egotzi izana. EAEko Denbora Aurrekontuen Inkestaren arabera, emakumeek etxeko eta zaintza lanen %70 inguru egiten dituzte. Eta gizonezkoek egitekotan, zaintza ludikoan inplikatzen dira batez ere. Gizarte heteronormatibo honek emakumeak txikitatik lan horietarako gizarteratzen eta hezten gaitu, eta gainera lan mota horiek emakumeoi egozten zaigun sentikortasunarekin lotu izanak, balioa kendu dio eta ekonomikoki
gutxietsia izatea eragin du.

Besteak zaintzea ardura bat da, binkulu bat ere eragiten du. Baina zaintza binkulu afektiboekin zuzenean lotzea emakumeontzat zigor bat da, edozein arrazoirengatik zaindu nahi ez dugunean gure buruarekin gaizki sentiaraztera eramaten gaituena. Zaintzak ez du zertan maitasun ekintza bat izan behar.

Kontrakoa, funtsezkoak izan arren gutxietsiak direnez, zaintza lanak gehienetan esplotaziorako bideak dira, prekarietatea eragiten dutenak hain zuen ere. Horren adibide dira Gizarte Segurantzaren datuak, adingabe edo senitarteko bat zaintzeko eszedentzien % 84,6 emakumeek eskatutakoak izan dira 2023an eta emakumeak dira ere kontziliazioaren izenean lanaldia murrizten dutenak gehienbat. Hau da, emakumeak dira pobretzen direnak, soldata galtzeko sasi-hautua egin dutenak. Eta horrek eragin zuzena dauka bikotekideekiko mendekotasunean, eraikitzen
doan harreman-boterean, pribilegioen-eraikuntzan eta etorkizunera begira jubilaziorako eskubidean.

Zer esanik ez, zaintza lan horiek externalizatzen ditugunean aurkitzen dugun errealitate lazgarria. Soldatapeko lan horietan dabiltzan emakumeak (gehienbat migratu eta arrazaliziatuak) hain justu ere lan-baldintza prekarioenak dituztenak dira, lan-hitzarmen duinik ez dutenak, askotan modu irregularrean lanean inolako babesik gabe. Adinekoen egoitzen zerbitzuaren edota mendekotasun egoeran daudenen zainketarako zerbitzuen arduradunak Administrazio publikoak badira ere, existitzen diren prestazioak ez dira nahikoak eta sistematikoki enpresa pribatuen
esku uzten dute zerbitzua. EAEn adinekoen egoitzen % 91 titulartasun pribatukoak dira, eta Nafarroan 71 egoitzetatik bi bakarrik dira publikoak. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak ez ditu mendekotasun egoera larriak asetzen eta eguneko zentroek nahiz erresidentziek duten kopagoa jasangaitza da familia arrunten ekonomietarako. Zaintza-lanak gutxi batzuen negozio bihurtu dira.

Kontziliaziorako eta mendekotasun egoeretan daudenak zaintzeko bitarteko legalek emakume batzuen bizitza erraztu badute ere, ez dira batere eraldatzaileak. Ez dute zaintzaren lanaren problematika konpontzen, kontziliazioa ez da dirulaguntzekin konpontzen, zerbitzu duin publiko eta unibertsal gehiago behar ditugu, neurrira eraikitako sare publiko hurbila. Horretarako batetik, Administrazioek bere erantzukizuna bete behar dute, bizitza bizigarria izan dadin benetan politiken eta plan ekonomikoen erdigunean bizitza bera jarri behar dute. Eta bestetik, urgentziaz bertako langileen lan baldintzak eta bizitza egoerak hobetu behar dira zaintza kultura iraultzearekin batera. Zaintzaren inguruan ezarri zaigun eredu heteropatriarkala, familiaren barruan kokatua eta zaintzaren erromantizazioa kolokan jarriz.

Has gaitezen ezetz esaten, zaintza lanei eta etxeko lanei balioa emateko, Administrazioak bere kargu hartzeko eta guztion artean etxeko-lanak banatuak izan daitezen.

Izan errebelde!!