Ekainaren 28a iritsi da aurten ere, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna.

Egun honi bere borrokarako muina erauziko diote eta bestelako interes zikinak plazaratuko dizkiote zalantzarik gabe. Hamaika enpresa, alderdi eta erakunde hasiko dira dena ortzadar kolorez margotzen, love is love lemak lau haizetara zabaltzen eta ipuinetako amaiera gozo azukredunak kontatzen. Pinkwashing  estrategia aspaldiko arerio ezaguna dugu eta horrexegatik, zurikeria horri aurre egin, eta  sexu askapenaren alde urteko egun guztietan egin behar dela exijituko dugu. Ekainaren 29a ere etorriko da eta hor ere ortzadarra izango dugu ipar.

Ultraeskuina eta eskuina aurrera modu beldurgarrian egiten ari dira eta honek lotura du gure sexu askapena gozatzeko orduan jasaten ari garen biolentziarekin. Ultraeskuinaren diskurtsoa eta narratiba komunikabideen bidez hedatzen ari da eta honek marko posiblea ematen die erasotzaileei gu iraintzeko, jipoitzeko eta erasotzeko. Eraso hauek modu isolatuan aztertarazi nahi dizkigute, baina biolentzia estrukturala dela eta ultraeskuina marko normalizatua eskaintzen ari dela salatu nahi dugu gogor. 

2024-2025 ikasturtea planifikatzen ari garen garai honetan, estrategikoa iruitzen zaigu sexu askapenaren aldarrikapena ikasturte osorako ildo moduan planteatzea ikastetxeetan. Horretarako baliabideak exijitzen dizkiogu sailari, eta Hezkidetza figurak egonkortu ditzan eskatzen diogu. Ezin dugu ahaztu erlijio irakasgaia hezkuntza publikoan ematea gure aldarri honen aurkakoa dela eta  horren aurka mantenduko gara tinko. Halaber, Hezkuntza Lege berriaren markoan itunpeko ikastetxe erlijiosoak diru publikoz lepo hornitzea talka larria da eta kontraesana nabarmen ipintzen du mahai gainean. Honen aurrean, Euskal Eskola Publikoa da bide bakarra Sexu Askapenaren aldarria denoi iristeko

Baliabideak behar ditugu! 

Ekainak 28an festa bai, urtean zehar borroka ere bai!!