Lehen Hezkuntza curriculumaren inguruan.

Prentsa-ohar honen bidez STEE-EILASek salatu nahi du Hezkuntza Kontseilariak sindikatuoi agertzen digun mespretxua, bai eta prentsari adierazitako informazioaren manipulazioa ere.

Mahai Sektorialean behin eta berriro eskatu diogu Departamentuari datorren urteari begira zer nolako asmoak dituen azaltzeko LOMCEren ezarpenari dagokionez, eta erabateko ixiltasuna izan da bere erantzuna.

Berriro ere prentsaren bidez izan dugu Departamentoaren asmoen berri. Adierazpenok agerian uzten dute haren hitzen balio hutsala, orain dela aste batzuk bestelakorik esan baitzuen.

Nafarroan Heziketa Artistikoa mantentzeak poza handia sortzen digu; hala ere, gezurra dio Iribasek curriculuma ez dela aldatuko esaten badu, curriculuma ez baita arloen zerrendatze hutsa, euren edukiek ere badute berebiziko garrantzia, eta eduki horietan zer esan handia dute Madrilen. Eduki uniformizatzaileak dira, eta Dekretu bidez PPren ideologia inposatu nahi dute.

Departamentuak egunkarietako titulu populistak bilatzen ditu, hezkuntza komunitateak LOMCEri agertzen dizkion kritikak isilarazteko, eta honela bere benetako asmoak ezkutatzen ditu: hiritarrak desmobilizatzea eta estatuko gobernuren aginduetara makurtzea Nafarroako Hezkuntza Sistema.