Laister 47 euskal herritar epaituak izango dira eta, guztira, 601 urtetako zigor eskaerari aurre egin beharko diote. Gertakizun larri honen aurrean STEILASek honako hau adierazi nahi du:

47 euskal herritarrak eta beraien jarduerak zigortu nahi dituen epaiketa hau, lehen bezala orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dago.

Zalantzarik gabe, konponbideari begira atzerapausua suposatzen du eta ez gaude prest atzera eraman nahi gaituen egoerarik onartzeko.

Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bidez eta eskubide ororen errespetoan oinarrituta eraiki behar dugu eta guztiok gara ezinbestekoak, guztiok elkarrekin bizi behar dugu eta.

Horregatik STEILASek 47ak Herrian plataformak larunbatean, irailak 14, Bilbon antolatutako manifestazioetan parte hartzera deitzen du.