image prentsaurrekoa   STEE-EILAS, ELA, CCOO,  eta UGT Sindikatuek salatzen dute gatazka hasi zenetik ia lau urte igaro direlarik, hainbat aldeko epai, greba eta mobilizazio ugariren ostean, ez dagoela auzia konpontzeko asmorik, ez patronalaren, ez Jaurlaritzaren aldetik

Ia lau urte igaro da itunpeko irakaskuntzan gatazka hasi zenetik. Itunpeko moduluei Eusko Jaurlaritzak eginiko murrizketak nominetan ezartzeaz gainera, 2013ko uztailetik aurrera Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek EAEko hitzarmen sektoriala baztertu dute, eta estatu mailakoa aplikatzen ari dira.

Mobilizazio ugari eta bost greba-egun burutu arren, eta hainbat epaik langileei arrazoia eman digun arren (EAEko Goi-Auzitegian eta Auzitegi Gorenean), gatazkaren irtenbiderik ez dute ahalbideratu, ez patronalek, ez Jaurlaritzak.

Orain arteko lorpen bakarrak (EAEko hitzarmena eta 2009ko taulen ordaina mantentzen duten ikastetxeak; hitzarmeneko klausula sozialak mantentzen dituzten ikastetxeak; 2013ko uztailera bitarteko zorra ordaindu duten ikastetxeak, edota 2011 bitarteko zorra ordaindu dutenak), funtsean, sartutako demanda multzoaren eta bai sektorean baita ikastetxeetan ere egin diren mobilizazioen ondorio izan dira.

Hain zuzen, azken ebazpen judiziala EAEko Goi Auzitegiak apirilaren 8an emandako autoa dugu; beronek patronalak derrigortzen ditu beren zentro guztiei jakinaraztera aplikatu beharreko hitzarmena 2008-09ko EAEko Gizarte-Ekimeneko Ikastetxeen Hitzarmena dela.

Bestalde, patronalek hartu dituzten erabakiek gatazka gaiztotzeaz gainera, orain arte indarrean zegoen lan-harremanen markoa hausten dute, eta EAEko itunpeko irakaskuntzari buruzko araudia bera ere zalantzan jartzen dute. Areago, kontutan izanik Eusko Jaurlaritzak berretsi egin duela EAEko hitzarmenak eta hauen ultraaktibitatea mantentzearen aldeko bere posizioa.

Orain arte izan diren epai guztiak alde izanagatik ere, ELA, CC.OO., STEE-EILAS eta UGT sindikatuok behin eta berriz agertu izan dugu negoziatzeko borondatea, baita zorraren ordaina atzeratzekoa ere, EAEko hitzarmena oso-osorik berreskuratze aldera. Horregatik, ez dugu ulertzen ez patronalek, ez Eusko Jaurlaritzak gatazkaren rik ez ematea; berriro dei egiten diegu Kristau Eskolari, AICE-IZEAri eta Jaurlaritzari urratsak egin ditzaten gehiegi luzatzen ari den gatazka hau konpontzeko.

Langileen ordezkariok gatazkaren inguruan negoziatu eta konpontzeko gure proposamena ez dugu oraindik mahaitik kendu: gure helburua da hitzarmena bere osotasunean berreskuratzea eta enplegua mantentzea; prest gaude orain arte metatu den zorraren ordaina atzeratzeko, egoera zailean dauden ikastetxeei erantzuna emateko, eta egoera berriz aztertzeko, 2015 amaieran itundutako moduluetan murrizketak bere hortan baliraute.

Ikasturtea bukatu arte geratzen den eskola-aldi laburrak mobilizazioetarako aukera txikia ematen duenez, denbora hau baliatu nahi dugu familiei egoeraren berri emateko eta auzia sozializatzeko, baita datorren ikasturte hasierako mobilizazioak prestatzeko ere, baldin eta patronalek eta Eusko Jaurlaritzak mugimendurik egiten ez badute.

Hartara, ikastetxeen sarrera-irteeretan elkarretaratzeak, informazio banaketa zabalak eta gatazka sozializatzeko beste ekintza batzuk antolatu ditugu maiatzaren 21, 22, 29 eta 29rako.

Horrekin batera, ELA, CC.OO. STEE-EILAS eta UGT lanean ari gara datozen hiletan gatazkari konponbiderik ematen ez bazaio datorren ikasturte hasierarako erantzun gogor bat antolatzeko.

Horregatik, berriro diogu akordioetara iristeko borondatea daukagula, eta patronalei eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu euren posizioa alda dezatela, adostasuna posible izan dadin, eta honek ekar dezan EAEko hitzarmena mantentzea eta langileak pairatzen ari diren eskubide eta erosteko ahalmenaren galera amaitzea.

Euskal Herrian, 2014ko maiatzaren 9an