Epaimahaiak entzungor egiten die izangai euskaldunei

Datorren udako Hezkuntzako oposizioetan, kide erdaldunekin osatuko dira euskarazko Lanbide Heziketako zenbait epaimahai. Departamentuak dio ez duela aurkitzen espezialitate batzuetako funtzionario euskaldun aski, eta horregatik izendatu dituela epaimahaiak. “Irtenbide” gisa itzultzaile eta interpreteen esku-hartzea eskaintzen du.

Oposizioko izangaiek euskaraz egin behar dituzte hautaprobak, 2017tik aurrera eta Nafarroan soilik dagoen lege baten aginduz. Lege hori PSNk bultzatu zuen, UPN, PP eta EBren babesarekin, eta helburutzat zuen Geroa Bairen gobernuak hizkuntza apartheidik gabeko oposizioa egitea eragoztea eta, azken finean, espezialitateak eta hizkuntzak bateratuko zituen kontratazio zerrenda bat galaraztea. Lege proposamenaren defentsan, Hezkuntzako egungo kontseilari Carlos Gimenok esan zuen: “Nafarroa ez da erkidego elebiduna“.

Egoerak estutasun eta ezinegon handiak sortzen ditu bazterketa horrek eragindako irakasleen artean; izan ere, euskaraz aritzeko gaitasun aski duen epaimahaia izateko eskubidea ez bermatzeaz gain, epaimahaikide gehienek ez dakiten hizkuntza bat erabili beharko dute, eta ezin izanen dute gaztelania baliatu, horretarako izendatutako itzultzaile eta interpreteei behar bezala komunikatzeko erantzukizuna onartuz. Inork imajina dezake gaztelaniazko lanpostuetarako oposizio-epaimahai bat, zeinaren kideek hizkuntza hori ez dakiten edo zeinean hura osatzen dutenei ezin zaizkien izangaiak gaztelaniaz.

Aurrekoa kokatzen da Nafarroi beti eta beti ezarri zaigun hizkuntza-desnormalizaziorako politikaren barrenean, ez baitugu Nafarroako Gobernuaren zerbitzu gehienetan euskaraz artatuak izateko aukerarik. Itzulpenak eta interpretazioak ezin dute inoiz ordezkatu arreta euskaraz jasotzeko eskubidea. Horregatik guztiagatik, STEILASk eskatzen du bermatzea kide euskaldunek osatutako epaimahaiak euskarazko espezialitate guztietan eta 17/2017 Foru Legea indargabetzea.