Izenburu pankartero honekin argi utzi nahi izan dugu zein den STEILAS Hezkuntza sindikatuko LGTBIQ+ lantaldeak aurkeztu duen azken Unitate Didaktikoaren helburua. Dagoeneko, agian, ordenagailuan deskargatu duzu; dagoeneko, agian, esku artean duzu. Horrela bada, hausnarketarako baliabide batekin egin du- zula topo esan nahi dizugu.

Galdera asko aurkituko dituzu GENERO INPOSIZIOEI EZ! unitatean. Galdera horiek zeure buruari egitea planteatzen du unitateak, hein handi batean, zure gelako haur zein gazteekin lantzeaz gain. Izan ere, uste dugu hezkuntzan lanean dihardugunok ikasleei exijitzen diegun dena delako hori guk geuk aplikatu beharko bagenu, pertsonalki zein kolektiboki, bitan edota hirutan pentsatuko genukeela zer egin eta zer esan.

Oker ari al gara?

Hortaz, galdeiozu zeure buruari. Galdeiozu generoaren inguruan; zer, nola, zergatik, zenbat, noiztik. Generoa bizitzeko eta adierazteko duzun moduari buruz hausnartu. Zeurea eta zeure ingurukoena. Ireki begiak eta begiratu. Belarriak prestatu eta entzun. Zertarako? Zergatik hau eta zergatik ez beste hori? Zergatik naiz A eta zergatik ez B? Zergatik egin dezaket hau baina ez beste hori?

Zergatik batzuetan bai eta beste batzuetan ez? Zerk egiten du pertsona bat A edo B izatea? Zer da A izatea eta zer B izatea? Zer gertatzen da A eta B direna ez badago hain argi? Zer dute naturaletik A-k eta B-k eta zer kulturaletik eta eraikitakotik? Zer gertatzen da, bapatean, A eta B ez badira izan behar diren hori edota A eta B ez badira soilik izan gaitezkeen hori? Galdera hauek, eta, askoz gehiago, behar-beharrezkoak iruditzen zaizkigu generoaren eraikuntzaren atzean dagoen sistema ulertu ahal izateko. Zeren, generoa, eraiki egiten da: pertsonak jaio aurretik jo ta ke martxan hasi eta inoiz geratuko ez den prozesu jarraia da. Izenak, koloreak, belarritakoak, arropak, espektatibak, aukerak, zigorrak. Ez genuke inoiz bukatuko zerrenda egiten. Hau bai, baina, hau, ez. Bi aukera posible, eta kanpo geratzeko aukerarik ez.

Logika naturala omen da.

Honezkero konturatuko zinen bezala, generoaren inposizio horiek eskuburdin pare batekin irudikatu ditugu. Urdinak eta larrosak. Unitatearen azalera irudi hori eramatea esanguratsu bezain ulerterraza iruditu zitzaigun, mezu zuzena. Halaber, generoaren kateek duten pisuarekin apurtzea biziki zaila ere badela badakigu, ez baitago norberaren esku soilik. Eskuburdinak apurtzen dituen horrek, ondorioak jasango ditu. Sistemak, hori bizi duten gainontzeko norbanakoetan errotuta, zigorra prestatu dio. Generoaren kutxatik kanpo bizi diren horiek eskubide hori egunero borrokatu behar dute, horrek ekar dezakeenarekin. Adibide bat emateagatik, pertsona transexualen eskubideak arautuko lituzkeen lege estatal berriaren harira azkenaldian entzuten eta ikusten ari garen guztia sobera argi uzten ari da sistemaren aurpegirik zakarrena.

Bada, borroka hori ez da batere bidezkoa. Norbera den bezala bizitzeagatik inork ez luke borrokatu beharko. Borroka horrek agerian uzten duena beste zerbait da, gainera: gainontzekook norma horren pean bizi dugula generoa, alegia. Ispilu horren aurrean, geureari buruz hausnartu beharrean, alboko hori zapaltzen dugu.

Sistemak horrela funtzionatzen du.

Zintzotasun ariketa bat egin beharko bagenu, unitatean lanean aritu garenok badakigu zeri buruz ari garen. Azken finean, modu batera edo bestera, generoa normatik kanpo bizi dugulako eta, era berean, modu batera edo bestera, generoa normaren barruan bizi behar izatea zer den ere badakigulako. Generoaren normaren bazterretan bizitzea ez da batere erraza, zeren, bazter hori amildegi bihurtu daiteke eta, amildegiaren aurrean salto egitea erabaki ausart bezain zaila da.

Amildegi horri begira egon edo ez egon, bazterrean bizi edo ez bizi, GENERO INPOSIZIOEI EZ! Unitate Didaktikoa generoa eta honen inguruan eraiki dugun guztia pentsatzeko baliabide bat izatea nahi dugu. Galdetu, behin eta berriz.

Ez izan erantzunen beldur.

STEILAS Hezkuntza Sindikatuko LGTBIQ+ lantaldea.

https://steilas.eus/wp-content/uploads/2021/03/STEILAS-UD-LGTBIQ-2020-eus-11-BEHIN-BETIKOA.pdf