Hezkuntza langileok arreta zuzena behar dugu!

Urte eta erdi baino gehiago daramagu EAEko Hezkuntza Ordezkaritzen arreta zuzenik gabe, salbuespenezkoa zen egoera betikotu nahi al da?

Osasun krisialdiak eraginda EAEko Hezkuntza Ordezkaritzek arreta eskaintzeko zerbitzua berrantolatu zuten eta harrezkero langileei sortzen zaizkien zalantzak, eskaerak eta kontuak, hala nola, kontratu, baimen eta lizentzien inguruko kontuak, soilik emailez kudeatu ahal dira, maiz, erantzunik gabe edo kudeatu gabe uzten direlarik.

Badira bat-bateko erantzun pertsonala behar duten egoerak eta kudeaketa kaskar horren ondorioz, bidean geratzen dira, edo berez errazak beharko luketen kudeaketak oztopoz betetako bide amaigabe bihurtzen dira langileentzat. Honekin batera, erantzun ezak, argibide eskas eta berantiarrek edota Hezkuntza Ordezkaritza ezberdinen arteko irizpide desberdinek eskubide urraketak pairatzera eraman ditzake langileak, kudeaketa txar baten ondorioz beraien eskubideak zapalduz.

Logikoki arreta eredu honek ezinegona eta ziurgabetasuna eragiten die langileei, izan irakasle, hezkuntza bereziko hezitzaileak, sukaldari edo garbitzaileak. Horregatik, gaur Bilbo, Donostia eta Gasteizko ordezkaritzen aurrean biltdu garen sindikatuok adierazi nahi dugu onartezina iruditzen zaigula Hezkuntza Ordezkaritzek ematen diguten tratua, eta zuzeneko arretara bueltatzea exijitzen dugu, eta horretarako Hezkuntza Ordezkaritzetan beharrezkoak diren baliabide guztiak jarri behar ditu Jaurlaritzak.

ARRETA ZUZENA BEHAR DUGU, BAI PRESENTZIALA BAI ETA TELEFONO BIDEZKOA

Euskal Herrian, 2021eko urriaren 19an