Hemen dago Legebiltzarrean irakurri dugun gure iritzia: 

Printzipioz lege honen alderdirik berritzaileenak  zuzendaritza publiko profesionala, karrera profesionala, jardunaren ebaluazioa, ordainsarien sistema eta lanpostuak hornitzeko sistemak dira. Eta garbi adierazten da 3. artikuluan Hezkuntza arloko, unibertsitatez kanpoko irakasleoi eta hezkuntza laguntzako langileoi ez digula zuzenean eragiten gure araubide berezia aplikatuko baitzaigulako gai horiekiko. Baina, hala ere, 19. artikuluan Eusko Jaurlaritzaren sailek dituzten eskumenak zerrendatzen direnean, garbi esaten da, araudi espezifikoa duten langileen kasuan, Hezkuntza sailari, espresuki, bere langileak kudeatzea dagokionean, lege honetan eta beste ordenamendu juridikoetan arautzen denarekin bat etorri behar duela.

Hortaz, aurretik pasatu diren gainerako sindikatuek esandakoez gain, guk gurera ekarriko dugu, Hezkuntzak izaera berezia baitu, eta Administrazio Orokorreko kudeaketa eta antolamendurako proposatzen diren hainbat kontu gurean aplikatzea guztiz arrotza izango bailitzateke. 2 arrazoirengatik:

  1. Hezkuntza sisteman lan egiten dugun langileok, ikasle eta familiekin batera hezkuntza komunitatea osatzen dugulako, auzo-herri-hiri baten errealitatean txertatuta dagoena eta hari erantzuten eta egokitzen saiatzen dena bere hezkuntza proiektuarekin ahalik eta gure ikasleen garapen integralean hezkuntza erantzun osoena emateko. Erabakiak eta ardurak komunitatean hartzen ditugu, eta hemen aipatzen diren terminologia eta kontu ugari arrotzak egiten zaizkigu, gure funtzionamenduan. Beraz ez da irakasle funtzionarioen eta hezkuntza laguntzako langileen kudeaketarako espazio hutsa, zeinetan kalitate instituzionala eta profesionalizazio maila hobetu behar den bereziki.
  1. Hezkuntzari propietate magikoak aitortzen zaizkio, bertako langileok magia egin ahalko bagenu bezala gure gizarteko etorkizuna izango diren biztanleak/hiritarrak/langileak hezteko dugun arduragatik. Hezkuntza eskubide unibertsala da, baina azken urteetan gobernuan egon diren alderdi ezberdinek egin duten kudeaketa arduragabearen ondorioz batzuetan, eta egin ez dutenaren ondorioz askotan, EAEn dugun hezkuntza sistema duala (publiko %51-pribatua %49) muturreraino eraman da, oreka faltsu bat dagoen sentsazioa irudikatzeraino. 2 abiaduratako hezkuntza sareak sortuz, bata ahalmen ekonomikoa duen klase sozial batentzat eta bestea ez duenarentzat. Gizartean dauden arrakalak handituz eta eskola segregazio lotsagarria eraginez. Etorkizuneko gizarte kohesioa kinka larrian jarriz eta bide batez Hezkuntzako zerbitzu publikoak poliki-poliki pribatizatuz ituntze unibertsalaren sistemari esker eta familiek duten erabakitzeko eskubide faltsuari esker, merkatu logika ezarri baita gaur egun dugun hezkuntza sisteman.

Beraz Hezkuntza, patata bero bihurtu da. Larriak eta kezkagarriak zaizkigu azken hilabetean ematen ari diren mugimendu azkarrak. Egungo Hezkuntza sistemak ez ditu espero zitezkeen emaitzak ematen eta agortuta dago, hortaz, Hezkuntzarako akordio bat behar dugu, errealitate berriei erantzuteko eta erronka berriei ekiteko, eta hortik Euskal Hezkuntza Lege berria eratorriko litzateke. Hori bai Espainiatik etorri den LOMLOE legearekin bat egin behar duen legea: honek printzipioz hezkuntza publikoa lehenesten duela dirudi, baina gero benetan hemen sistema publikoa lehenesteko eraginik ez duena, adibidez:

Hezkuntza Ituntze Unibertsalari hemen ez zaizkiolako mugak jartzen, ezta hezkuntza proiektu guztiz baztertzaile eta elitistak dituzten ikastetxeen ituntzeari ere, sexuarengatiko bereizketa kasu.

-Edota gure desprofesionalizazioa eragingo lukeen fundazio eta elkarteei hezkuntzako ateak irekitzen zaizkielakoelkarlan akordioen bitartez, intrusismoan sakonduz: ez da arraroa dagoeneko klaustroei banketxe ezberdinek materialak, unitate didaktikoak, formazioak… eskaintzea; eta zer esanik ez teknologia berrien arloan.

Eta milaka langilez osatutako Unibertsitatez kanpoko irakasle publikoen sektorean gehiengoa badugu ere, Euskal Enplegu Publikoaren legeak jasotzen duen mahai orokorrean ez dugu ordezkaritzarik. Eta bertan negoziaziorako gai diren esparru horretan ez egoteak kalte ugari sortzen dizkigu, izan ere bertan erabakitakoak beranduago gure negoziazio mahai sektorialetara baitatoz erabakita: soldatak, erretiro baldintzak eta diziplina kontuak adibidez.

Beraz gure lehen aldarrikapena berriro ere mahai horietan parte hartzerik ez badago, negoziaziorako esparru propioa izatea da, berriro ere horrelako 2018ko maiatzean irakasleok aurreakordioa sinatzerakoan bizi izandako egoerak errepikatu ez daitezen (baja egoeran zeuden langileen ordainsarien %100 jasotzeko eskubidea) guretzat funtsezkoak ziren aldarriak gure negoziazio esparrutik ateratzen baitziren, gu gehiengoa izanda azpimarratuz.

Gu baino lehenago beste sindikatuek salatu duten bezala lege honek ez du balio euskal enplegu publikoak dituen arazorik larrienei mugak jartzeko eta konponbidean jartzeko, hezkuntzan zer esanik ez. Hezkuntzan negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen da.

STEILASek ez ditu ezagutzen Administrazio Orokorreko funtzionamendu moduak, horregatik mahai gainean dugun enplegu publikoaren legean jasotako zenbait kontuk hezkuntzara ekarriz, ikastetxeetan izan dezaketen eraginari buruzko iritzia emango dugu, besterik ez. Guretzat, arestian esan bezala, ikastetxe bakoitza funtzionarioz eta erabiltzaileez osatutako espazioa baino askoz gehiago baita. Bizirik dagoen espazioa, bertako elkarbizitza bera baita gizartearen isla eta elkarrengandik ikasketa eraikitzeko aukera izateaz gain gizarte berdinzaleago bat lortzeko aukera ere bada. Horregatik, administrazioak langileen lan baldintzetan eta langile taldeen antolamendurako erabaki bat hartzen duenean, eragin zuzena du Eskola Komunitate osoan ikastetxeetara luzatzen bada.

Hona hemen gure ekarpenak, puntuz puntu, hezkuntzako langile publikoei (irakasle, hezitzaileei) dagokionez:

  1. Zuzendaritza publiko profesionala: eredu gerentzialen bidean (LOMCE bergogorazten diguna)

Ikastetxeko zuzendaritza karguak guk eskola komunitatearen parte direla ulertzen dugu, lankideak, modu txandakatuan ikastetxean dauden irakasle eta maisu-maistren eskutatik pasatzen diren karguak. Ikastetxearen ibilbidea, beharrak eta erronkak, auzoa edo herria, testuingurua, familia eta ikasleak hobekien ezagutzen dituzten lankideak. Eta horregatik klaustroaren proposamenez eta eskola komunitatearen oniritziarekin Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenean erabakitzen dena. Garai batean ezagutu genituen “Zuzendari kidegoak” baina 90eko hamarkadan eskola publikoaren demokratizazio bidean bertan-behera geratu zen eredu hori. LOMCEk beranduago berriro ere eredu bertikalei eta zuzendari karguari eredu gerentziala aplikatzeko aukera ekarri zuen, eta eskerrak sare publikoan eskolaz eskola lehen aipatutako komunitatearen Ordezkaritza Goreneko organoek bere gaitzespena adierazi zioten. Baina bizi ditugun merkatu logikek eta eredu neoliberalek (kalitatearen, bikaintasunaren hitz potoloez makillatuak) horrelako eredu gerentzialak mahai gainean jartzera eramen ditu gobernu asko. Babes dezagun eskola publikoaren eredu demokratikoa, eta zaindu ditzagun bere zuzendaritzak, behar bezalako errekonozimendua emanez bere lanari, behar dituzten lan baldintzekin eta bitartekoekin.

Badakigu ikastetxe pribatuetan horrelako ereduak ohikoak direla: zuzendaritza gerentziala (arrotza eta kanpokoa izan daitekeena, ikas-irakas prozeduretaz deus ez dakiena) eta pedagogikoa. Non jarri arreta? Haiei imitatzeko tentazioa hor dago, ikastetxe horiek oso lehiakorrak direlako, baina guk ez dugu hezkuntza sistema eskaintza eta eskariaren markoan lehiatzerik nahi. Sinetsi dezagun gure hezkuntza publikoko langileengan, gure komunitatearengan. Hori da sustatu beharreko autonomia, lagundu diezaiegu.

  1. Jardunaren ebaluazioa eta horren araberako osagarrien kobratzea

Administrazio publikoek sistema batzuk ezarriko dituzte beren enplegatuen jarduna ebaluatzeko. Jokabide profesionala eta errendimendua ebaluatu eta baloratzeko. Tresnek fidagarritasuna, inpartzialtasuna, neurrien objektibotasuna, gardentasuna eta bereizkeriarik eza errespetatu beharko dute.

Bada neurri horrek ezinegon handia sorrarazten digu, motibatu eta lagundu beharrean, justu kontrako efektua eragin dezake, irakasle eta hezitzaileen lanaren gainean presio handiagoa ekar dezake. Bikaintasun hori bilatze aldera, lehiakortasuna sustatzea ez da batere egokia hezkuntzan munduan, gure lana ez da zenbaki objektiboz neurtu daitekeena zuzenean.

Irakasleen jardunaren ebaluazioaren inguruko berriak askotan mamu bat izan dira hezkuntzan, irakasle onenak saritzeko eta errekonozimendua emateko… Baina ebaluazioa eta koebaluazioa gurean eguneroko ogi dira: hezkuntza sistema osoa eta ikastetxea bera ere ebaluatzen dira, horretarako Isei/Iveik egiten dituen ebaluazio diagnostikoak eta ikerketak ditugu adibidez. Horien bitartez sistema bera eta ikastetxeen ahuleziak detektatzen ditugu, eta hobekuntza-planak berritzen ditugun urtero-urtero ikastetxeko hezkuntza memorian eta urteko planean.

Eta zer esanik ez ikas-irakas prozesuen gainean egiten dugun ebaluazioaz… Hezkuntzako langileon lanaren oinarria ebaluazioa da, ebaluazio jarraia, egunerokoa. Horregatik, ezinbestean, gu geu ere ebaluatuak izatearen aldekoak gara, eta egiten dugu norbanakoa, mintegietan, klaustroetan, familien feedbackaren bitartez… Baina ez Lege honek jasotzen dituen termino objektibo eta neurrigarri horietan. Zeren arabera ausartuko gara horren sentsiblea den hezkuntzako langileen jarduna ebaluatzen? Ikasleen emaitza akademikoaren arabera? Eskola horrek duen errealitatearen, aniztasun tasaren arabera? Familien iritziaren arabera? Nola ebaluatu akonpainamendua, ikastetxeko elkarbizitzan sortzen diren gorabeherak eta arlo emozionalak? Nola neurtu horren likidoak diren egunerokotasunak….

Halaber, ordainsariak jardunaren ebaluazio horri lotzea oso larria iruditzen zaigu.

  1. Karrera profesionala :

Karrera profesionalak hiru oinarri izan ditu historikoki: antzinatasuna, formazioa eta zuzendaritza karguak. Orain, aurreko puntuan azaldutako,beste bat gehituko litzaioke: jardunaren ebaluazioa. Baina berez, gure esparruan karrera profesionalak ibilbide motza du. Gure lanean formazioa inplizituki dagoen jarduna da, askotan ikastetxean ebaluazioen bitartez sortutako hobekuntza-planei edo eguneroko jardunean eragiten diguten errealitateei ahalik eta hobekien erantzuteko proiektuak gauzatzen ditugu, eta horiekin lotuta formazioa jaso ohi dugu. Guk ez dugu aparteko motibaziorik behar formatzeko eta elkarrengandik ikasteko.

Bestetik guretzat dagoen karrera profesionalean garapen aukerak Lanpostu Eskaintza Publikoen bitartez etortzen dira: bertikala (beheko kidego batetik adibidez maisu-maistren kidegotik bigarren hezkuntzako kidegora joateko aukera), horizontala edo espezialitate berriak eskuratzeko probak.

Hori guztia, gurean oso zaharkitua geratu da, egungo irakasletza kidegoetan sartzeko ezinbestekoa baita unibertsitate gradua izatea. Eta guk kidego bakarrerantz abiatzearen aldekoak gara.

  1. Sarbidea, ope eredua eta ordezkoak kudeatzeko zerrendan sartzeko prozedura “arinak”.

Hezkuntza sistema publikoan lan egiteko sarbidea publikoa dugu, eskakizunak betez gero, deialdi askeak dira, edonork izena eman dezake berdintasun, merituen eta lehiaketa printzipioetan oinarriturik.

Baina gure sektorean Oposizio eredua amesgaiztoa da, guztiz teorikoa, garapen luzeko azterketez josia. Praktikoa bera ere askotan testu iruzkinak egitea izaten da, gure irakasle jardun praktikotik oso aldenduta. Espezialitatearen urteko programazioaren eta unitate didaktikoaren defentsara iritsi arte ez da batere prozesu praktiko eta erreala. Guztiz memoristikoak diren azterketa baztergarriek baldintzatzen dute gure sarbidea, urteetan unibertsitatean ikasten ibili ostean. Eta bide injustu horrek ez digu zerbitzu ematen lortutako esperientzia meritu gisa zenbatzen uzten froga baztergarriak direlako. Beraz, bidean irakasle trebatuenak uzten ditugu.

Sistema honetan Opeak behar ditugu noski, baina gure errealitatetik eta gure sistemak dituen beharrei erantzungo dioten opeak. Irakasletzan azken urteetan ez dira opeak faltatu, baina behar diren baino lanpostu askoz gutxiagorekin eta hautagai asko ditugu. Ez dute bitarteko langileen tasa jaisteko balio izan. Erreposizio tasei lotutako eskaintza egiten da, egun bizi dugun interinitate tasa ikaragarria lortzeraino. Hezkuntza zerbitzu publikoan lanpostu guztien aitortza egitea urgentea da, egiturazkoak eta funtzionalak, hurrengo urteetan dagoen jaiotza tasaren beherakadak eta ikastetxeen eta hezkuntza sareen (publiko-pribatu) artean dagoen lehiak zerbitzu publikoaren desegitea ekar baitezake, hezkuntzaren pribatizazioak lanpostu publikoen desegitea ekarriko du.

Egonkortasun prozedurak aplikatu dira aurten HH-LHn, baina ez dute bermatu langile horien kontsolidazioa, ez dira interinitate tasa jaisteko, 3 urtetara luzatu daitekeen finkapena klaustroei begira egina dago.

Interinoek bizi duten ziurgabetasuna ikaragarria da, eta Madrildik datozkigun berriak ez dira Hezkuntzarako lasaigarriak, gure errealitatetik oso urruti daude. LEBEPeko moldaketaren emendakinak eztabaidatzen ari omen dira behin betikoz onartzen amaitzeko. Errege-dekretuak asmo onak dituela dirudi bere prologoa irakurriz:

– Behin behinekotasuna %8 baino gutxiagora jaistea.

– Behin behinekotasuna jaisteko berehalako neurriak hartzea, leihaketa-oposizioak eta kronograma (2024rako prozesuak bukatuta nahi dituzte).

-Neurriak hartzea abusu egoera berriak aurreikusteko, aurre egin eta gertatzen badira zigortzeko (indeminizazioak adibidez).

– Administrazio ezberdinetan langileen hornikuntzari dagokionez, plangintzak egiteko kultura bultzatzea.

Baina horiek guztiak Hezkuntzan egun dugun oposizio ereduekin, lanpostuen antolamenduarekin eta kudeaketarekin zaila da aplikagarriak izatea. Eta Euskal Enplegu Publikoaren Legean IXX. Xedapen iragankorrean: administrazio publikoetan enplegua kontsolidatzeko salbuespenezko prozedurak martxan jarri daitezkeela dirudi. Baina ziurgabetasunak hor darrai, gu sarbide bikoitzaren aldekoak gara askotan esan dugun bezalaxe.

Kezkagarria da guretzat, ordezkoen zerrendetan sartzeko “prozedura arinak” ezarriko direla esaten denean, ulergarria izan daiteke Administrazio Orokorrean funtzionatzeko modu hau. Baina Hezkuntzan, prozedura memoristikoetan oinarritzen diren frogak gainditzearen presioak hezkuntza zerbitzua bera kaltetuko lukeelakoan gaude, milaka ordezkoen bizitza proiektuak baldintzatzeaz gain. Gutxiago lanpostu publikoa eskuratzeko horren posibilitate gutxi badago.