Atzo, otsailak 23, mahai negoziatzaile bat burutu zen Haurreskolak Partzuergoko Hezitzaileen eta kudeaketa
langileen lanpostuen zerrendak lantzeko. Enpresak aldez aurretik bidalitako dokumentuen gainean aritu ginen.
Materialak osatu gabe zeuden eta hainbat momentutan zehaztapenak falta ziren, baina saiatu ginen informazioa lortzen.

Hauek dira, momentuz, bileratik atera ditugun ondorioak:

Hezitzaileen lanpostuen zerrendaren harira, zera esan nahi dugu:

• Behar diren lanpostu kopurua kalkulatzeko erabili nahi duten ratioa 5-5,25 haurrekoa da hezitzaileko .
• Lan erreformak ahalbidetzen dituen aldizkako lan-kontratu finkoak egin nahi ditu lan metaketak egin
beharrean. Lan prekarioagoak sortzea esan nahi du honek.
• 2015etik gaur egun arte 1136 lanpostuekin osatu dute hezitzaileen zerrenda. Aurten, Europatik eta
Madrildik behin-behinekotasun tasa %8ra jaisteko agindua datorrela aprobetxatuz, Haurreskolak
Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak lanpostu kopurua murrizteko erabili nahi du.
• Enpresak kalkulatu du, 20/2021 Legean oinarrituz 323 hezitzaile direla hiru urtetik gorako zerbitzuak
eman dituztenak Haurreskolak Partzuergoan eta beraien plaza amortizatuz gero kalte ordainak
jasotzeko eskubidea izango luketenak.

Beraz, argi dago Haurreskolak Partzuergoak hezitzaileak finkatu beharrean, kaleratu egin nahi dituela.
Legearen interpretazio interesatua egin nahi du, langileak kaleratu nahi ditu gero lan prekarioago bat sortzeko
asmoz.

Kudeaketa langileen lanpostuen zerrendaren harira:

• LBBn, Kudeaketa Langileen lan balorazio batzordean, egindako lanak ez dira barneratzen enpresak
egiten duen lanpostuen zerrendako proposamenean. Besteak beste, euskara eta berdintasun
teknikariak, informatikoak, arreta goiztiarreko teknikaria ez dira barnebiltzen eta formazio
departamentua ez da indartzen arduradun batekin.
• Ez dira parekatzen langileen mailak Eusko Jaurlaritzakoekin. Kudeaketa langileen lanpostuak sortu eta
hornitzeko 34 hezitzaile lanpostu amortizatu nahi dituzte.
• Langileen behin-behinekotasun tasa %100koa da eta ez dute zehazten langileak finkatzeko prozesurik
ezta kopururik ere.

STEILAS sindikatuak, langile eta lanpostu guztiak beharrezkoak direla argi du. Haurreskolak Partzuergoak
zerbitzu publikoa eta doakoa izan behar du (8330 ikaspostuak) eta hori egi bihurtzeko lanean jarraituko dugu.
Bitartean, eskola pribatuek, jasotzen duten diru laguntza publikoak bertan behera geratu behar dira. Era
honetan, gaur egun dauden langile guztiak eta gehiago beharrezkoak izango lirateke. Beraz, Eusko
Jaurlaritzari bide honetan urratsak ematea exijitzen diogu.

Ez dugu lanpostu bat bera ere suntsitzea onartuko!