Datorren martxoaren 3an, mobilizazioak egingo ditugu Gasteizen, duela 46 urte eraildako langileen omenez. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da omenaldia eta 19:00etan manifestazioa.

Hemen STEILAS, ESK, LAB eta ELA sindikatuon ohar bateratua:

Duela urtebete, hemen bertan, omenaldi bat egin genien Gasteizen eraildako langileei, baita ere sarraskia salatzen ari ziren manifestazioan hil zituzten bi pertsonei ere.

Gaur, urte bat pasa ondoren, gauza asko gertatu dira, asko dira patronalak langile klasearen aurka egindako erasoak, EEE edo ERE basatiak, prekaritatea ohiko praktika bihurtuta, lan-istripuak, nolanahiko gabeko kaleratzeak, transfobia, jazarpen sindikala, generoagatiko soldata-diskriminazioa,.
Horietako bakoitzaren aurrean, langile-mugimenduak egoera bakoitzak eskatzen zuen bezala erantzun du; Tubacexeko plantillaren moduko borroka eredugarriak ikusi ditugu, baina baita egoitzetako, etxez etxeko laguntzako, garbiketako, hezkuntzako langileak eta funtzio publikoko langileak ere.

Batzuek, irakurketa sinplista eginez, borroka bakoitza independentea dela interpretatzen dute, eta ez dute euren ondar aletxoaren ekarpena egiten aldaketa globalago bati, bai ekonomikoari, bai sozialari. Aldiz, guk badakigu mobilizazio bakoitza, greba bakoitza, lan-erantzun bakoitza kapitalaren urdailari emandako kolpe bat dela.

Martxoaren 3ko mobilizazioak, justizia eta erreparazioaren oroitzapena eta aldarrikapenaz gain, borroka horiei guztiei eta azken urteotan borroka historikoak izan dituzten sektore guztiei, pentsiodunen mugimenduari eta mugimendu feministari, tartea emango die. Metaleko, egoitzetako, etxez etxeko zerbitzuko lankideok, ikasleok, irakasleok, guztiok ibiliko gara Gasteizko kaleetan.

Hori guztia helburu bakar batekin: 76ko martxo hartan hasi zutenari amaiera ematea. Datorren martxoaren 3an, osteguna, arratsaldeko 18:30etan omenaldia hasiko da eta ondoren manifestazioa 19:00etan abiatuko da.