Atzo, maiatzak 9, azkenik, lehen saiakeratik ia 5 hilabetera, EAEko Gizarte Ekimeneko Zentroen hitzarmen berriaren negoziazio-mahaia osatu zen.
Bileran sindikatu bakoitzaren ordezkaritza-ehunekoak ezarri ziren, eta STEILAS sektoreko bigarren sindikatua da, % 17,86ko ehunekoarekin.
Negoziazio-mahaiaren hurrengo bilera maiatzaren 30ean izango da, eta benetako negoziazioari hasiera emateko helburua du, plataforma negoziatzaileak aurkeztuz eta negoziazio-saioen metodologia eta egutegia ezarriz.
STEILASetik 5 hilabete hauetan gure esku zegoen guztia egin dugu negoziazioa abian jartzeko, 2010ean hasi zen negoziaziorik gabeko dinamika batetan sartzeak kezkatzen baikaitu. Are gehiago, 2017-2021 Hitzarmenetik Lanbide Heziketaren erregulazioa negoziatu gabe dagoenean eta langileoi aplikatzen zaizkigun soldata-taulak 2020koak direnean, eta, ondorioz, erosteko ahalmena etengabe galtzen denean. Kontuan izan behar dugu KPIa % 6,4 igo zela EAEn 2021ean, baina gure soldatek izoztuta jarraitzen dute.