Pandemia garaian, lan-zama aitzakia hartuta eta gaixotasun arriskuak medio, arreta zuzena desagertu egin zen eta telefonoa erantzuteari utzi zioten. COVID-19ak sortutako egoera larri hau igarota, atzera pausuak betikotu egin direla salatzeko elkarretaratzea egin dugu Arabako Hezkuntza Delegaritzaren aurrean.

Gaur egun, langileek telefonoz deitzen dute ordezkaritza ezberdinetara, egunero suertatzen zaizkien kezkak edo zalantzak argitzeko; baina, tamalez, ez zaie telefonozko arretarik ematen. Eta emailez komunikatzeko erabakia hartuz gero, ez dago erantzunik edo/eta nekez jasotzen dira erantzunak, beraz, konponbiderik gabe jarraitzen dute.

Honen ondorioz, hainbat lizentzia eta baimen ez dira betetzen ari, langileen oinarrizko eskubideak urratuz.

Hiru lurraldeetako Hezkuntza Ordezkaritzetan dagoen irizpide bateratuen ezak kudeaketa-arazoak areagotzen ditu. Guzti honek, ezinegona eta ziurgabetasuna sortarazten du langileon artean.

Bildu garenean irtenbidea bilatuko dutela esan arren, konpondu beharrean, egoerak okerrerantz egin du.

Hau guztia onartezina da! Hortaz, zuzeneko arreta zerbitzua bueltatzea exijitzen dugu, eta Eusko Jaurlaritzak horretarako, beharrezkoak diren baliabideak, jar ditzala!