Nafarroako Unibertsitatearen asmoa agerian
Nafarroako Unibertsitate Pribatuak Donapeako lur eremuak okupatzeko asmoa alde batera utzi duen berria dela eta, STEE-EILAS sindikatuak bere poza adierazi nahi du prentsa-ohar honen bidez.
Berri hau ezagutu dugu Nafarroako Parlamentuan PSISa atzera bota behar zuen egun berean, eta agerian uzten du Unibertsitatea bera ere, inbestigazio zentroak eraikitzea aitzakia hutsa baino ez baita izan Donapea bere inguru hurbiletik botatzeko. Unibertsitate Pribatuak behar adina lur eremua dauka ikastetxeak egingo baditu, eta ondorioz, ez dauka Donapeako orubearen beharrik.
Ez gaituzte engainatuko: ez da behin ere izan kontsentsu sozialik gai honen inguruan.
Hezkuntza Komunitate osoari helarazi nahi dizkiogu gure zorionak, OPUSen neurrigabeko hedatze grinaren aurrean tinko eta baturik izan dena hasieratik. Hiritar ororen garaipena da, hezkuntza publikoaren garaipena da, eta lorpen hau egindako mobilizazio eta presioei esker izan da, dudarik gabe.
Donapeak behar dituen moldaketak ahalik eta azkarren egiteko deia luzatzen diogu Nafarroako Gobernuari, bai eta IES Sanitariari toki egokia aurkitzeko.

STEE-EILAS sindikatua

http://www.berria.info/albisteak/85076/donapeako_egitasmoa_bertan_behera_utzi_du_nafarroako_gobernuak.htm