STEE-EILASek onartezina deritzo Hezkuntza Sailak Gasteizeko eskola publiko batean eta Haur Hezkuntzako gelan 26. ikaslea “dekretuz” sartzeko erabakiari, legeak baimentzen duen gehiengoa 23koa denean.
Matrikulazioaren inguruan argitaratu diren aginduek gelako ikasle kopurua %10ean areagotzeko aukera ematen dute, baina soilik Oinarrizko Hezkuntzan (Lehen hezkuntza eta DBH) eta egoera oso zehatzetan: ikasle batek maila gainditzen ez duenean edo eskolan berandu hasten diren ikasleak onartzeko (ikasleen onarpena arautzen duen 35/2008 agindua)
Hezkuntza Sailak, nahiz eta legea ezagutu, ez du betetzen, eta Haur Hezkuntzan 25 ikasle gelako matrikulatzea baimentzen du inongo euskarri legalik izan gabe. Baina oraingoan, gainera, Hezkuntza Saila urrutiago joan da eta %10 hori gainditu du 26. ikaslearen onarpena behartuz.
Honetaz guztiaz gain, neurri hau inongo desdoble edo laguntza gabe behartu duela salatu nahi du STEE-EILASek. Honek eragin zuzena izango du irakasleriaren lan baldintzetan eta baita eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean ere. Eusko Jaurlaritzak sistema publikoko murrizketekin jarraitzen duen bitartean (aurrekariak ezartzen aipatutako kasuaren moduan), gure hezkuntza sisteman ematen den aukera berdintasun eza ikustezin bilakatu nahi du “hamaika esku” bezalako programen bitartez (ikastetxe zehatz batzuen emaitzak hobetzen saiatzeko programa).
Aipatutako gertaerak, matrikulazio garaian agerikoak diren beste irregulartasun askorekin batera (beti ere hezkuntza sailaren ezagupenaz), beharrezko egiten dute ikastetxeetako onarpen prozesua berrikustea.
Gasteizen, 2014ko maiatzaren 7an
Leave A Comment