Iribas, hauteskundeetarako estrategia eta Euskal Herria.
Espainiar nazionalismoak behin eta berriro errepikatzen du Euskal Herria entelekia dela, irreala dela, alegia. Egungo marko politikoa eta euren ideologia baztertzaile-autoriotarioa dute abiapuntu honelakorik ebazteko eta ozenki errepikatzeko, errealitatea ukatzeraino. Euskal usaina duen ororen kontrako gurutzada santuaren kapitulu berria bizi izan dugu, non eta bere foruak defendatu eta ohiturak biziki maitatzen omen diren Nafarroa honetan, amnesiarako joera handia duen Nafarroa Garaia honetan. UPNk, eta antzeko eredua defendatzen duten alderdi eta sindikatuek, erabateko zilegitasuna dute Autonomien Estatua besarkatu eta defendatzeko, bai eta Espainiako Konstituzioa Jaungoikoaren pare jartzeko ere. Hainbaten kasuan amnesiak estaltzen du orain gutxi arte bestelakorik defendatzen zutela, eta gaur egun izen ofiziala duten Nafarroako Foru Erkidego eta Euskal Autonomi Erkidegoaren arteko harremanak eta loturak bestela ikusten zituztela. Bereizketa administratibo honetan eroso daude, eta defendatzaile sutsuak dira. Iribas, guztietan zaldun, guztietan soldadu, gurutzada honetan nabarmendu nahian ibili da eta Nafarroako testu liburuetatik euskal aurrizkia duen oro ezabatzea du helburu. Hori lortze aldera LOMCEren aurkako plataforma batek aterako materiala nahasten du egunkari “abertzale” bateko orriarekin, eta hainbat editorialek argitaratutako materialen artean aurkitutako adibide asaldagarriak (baieztatu gabe material hori erabiltzen ote den). Inkisizio kutsua darie Iribasen hitzei, Frankoren osteko zentsura gordina, bere errealitatearen inposaketaren isla. XIX. Mendearen erdi aldean beste Iribas batek, sortzez Lizarrakoa eta Tuterako bizilaguna, Nafarroako foralitatea defendatu nahian Nafarroako eskubideei buruzko liburua argitaratu zuen eta “Euskalherria beti bakarra da” defendatzen zuen. Gregorio Iribas abokatu karlita zen, zientzia moraletako irakaslea eta Gamazadaren ondorioz gure lurraldeak jasan zituen erasoei aurre egin nahian idatzi zuen liburua. Tuterako Udalak liburuak nafar guztien txaloak jasotzen zituela onetsi zuen osoko bilkura batean. Euskararen gaineko eztabaida, bai eta Euskal Herriari buruzkoa ere, historiaren ikuspuntutik egin izan da, ikuspuntu ideologikoa ez ezik aurreiritzi baztertzaileak alde batera utzi gabe. Historiaren irakurketa garaileek idatzi dute, botere politikoa dutenek, eta horren adibide argia UPN dugu: helburu nagusia bihurtu du Nafarroatik euskal aurrizki duen oro desagertzea, hizkuntza bera zokoratzea, ohiturak ahaztea, beste euskal lurraldeekin emandako bide komunik ez aipatzea. Gure erantzunak patxadatsua behar du izan, grinak eta haserreak alde batera utzirik. Azken urteotan hainbat lan eta liburu agertu dira gure herriaren historiari buruz, eta espainiar nazionalismoak saldu dituen aurreiritziak gainditzeko baliagarriak diren adibideak, frogak, mapak, udal eta erakundeen ebazpenak… ikusi ditu jendarteak. Gurutzada honek bere horretan darrai eta euskal mapa oro desagertu nahi du mapen artetik. Honen atzean Espainia hegemonikoa dago agerian beste euskal lurraldeetan inolako loturarik ez duen Foru Erkidego bereiztua; halaber, Espainiar senarekin antzekotasuna duena. Besteen ukazioan sostengatzen dute euren proiektu politikoa, maila lotsagarrira eramanez euren estrategia politikoa. UPN-k datozen hauteskundeetarako aurkeztu duen ardatza Araba, Gipuzkoa eta Bizkairekin bat egitea ahalbidetzen duen 4.xedapena ezabatzea da, eta estrategia hau hezkuntzara ekarri du. Pasa den urtean beste hainbat urrats eman zituen bide honetan Guardia Zibilak D ereduaren irakasleen gaineko ustezko txosten batekin. Honek ikuskatzaileen miaketa ekarri zuen ikastetxeetan. Kulebroi honek segida izan du, eta oraingo honetan jomuga izan dituzte euskara eta literatura lantzeko liburuak. Auzo lotsa sentitzen dugu UPNren estrategia ikusita. Orain arte mapak mota askotakoak izan dira: geografikoak, historikoak, hizkuntzena… baina orain kategoria berria sortu du, eta hemendik aurrera mapa legalak eta ilegalak izanen ditugu. Mahai sektorial batean modu ironikoan Bonaparteren mapari buruz galdetu genuen, eta ez ziren horren gaineko erantzunik emateko gai izan. Ikusiko dugu nola jokatzen duten gure hizkuntzaren berri ematen duten mapen azterketa egiten dutenean. Datozen asteetan Iribas eta zentsuratzaile taldea miaketa lanetan arituko dira buru-belarri, eta euskal senarekin harremana duen oro baztertuko dute, han eta hemen ibiliko dira, tiraderetan, afixetan… UPNk hezkuntzaz egiten duen erabilpen politikoa agerian utziz.
Leave A Comment