Eskaintza publikoaren faltagatik Sopuertan sortutako gatazka konpontzeko bide errazena hartu berri du Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak. Presio-neurriak erabiliz, zazpi ikaslerekin zeuden bi irakasleak aterarazi ditu eraikinetik.

Argi daukagu Sopuertako umeek eta familiek eskubide osoa dutela hezkuntza publikoa bere herrian izateko. Are gehiago herriko eskolan ikasgelak prestatuta eta libre daudenean. Eskubide honen alde agertu dira Sopuertako Udala, Ikastetxe Publikoko Eskola Kontseilu , Euskal Herriko Gurasoen Elkartea (EHIGE), Hezkuntzako sindikatu guztiak eta ikasleen erakundeak.

STEE-EILASek gaur gertatua oso larria dela uste du. Hezkuntza Sailak, arazoei konponbideak bilatu ordez, liskarra sortu dutenen alde egin du, Elizaren alde hain zuzen ere, herriaren, ikastetxeko organo gorenaren eta hezkuntza eragileen kontra presioa erabiliz. Egotzitako delitua: eskola publikoa eta laikoa nahi izatea.

Modu berean, salatzen dugu azken urteen zehar Hezkuntza Sailak izan duen jarrera oztopatzailea, gotzaindegiko eta interes pribatuen alde egiten eta herritarren oinarrizko eskubideak ukatzen.

Amaitzeko, eta atzo egin zen prentsaurrekoaren ildoari jarraituz, egoera honi irtenbide bat aurkitzeko dei berezia egiten diogu Eusko Jaurlaritzari eta ardura eta konponbiderako aukera duten erakunde ezberdinei.

Bilbon, 2014ko urriaren 2an.

STEE-EILAS