IMG-20150415-WA0003Ohar honen bidez, steilasek atzo eguerdian Berriobeiti-n (Nafarroa) gertatutako lan-istripua salatu nahi du, hainbat metroko altueratik erorita langile baten heriotza eragin zuena hain zuzen.

Antza denez, langileak “Pinturas Lan 3, S.l.” enpresarentzat egiten zuen lan eta “Técnicas Industriales en Decoración, S.L.” (TID) enpresarekin lotura lukeen industria-eraikinean ari zen lanean, arrazoi ezezagunak tarteko erori eta berehalakoan hil zelarik.

Egoera honetan, steilas-tik gertaera hauek eragin ahalko lituzketen balizko arrazoi guztiak zehatz-mehatz argituko dituen berehalako ikerketa eskatzen dugu, besteen artean behar bezala baimendu eta dokumentatutako babes eta lan-tresnak eskuragarri ote zeuden jakin dadin. Beharrezkoa deritzogu ikerketetan arrazoi nagusien artetik baztertuak izan ohi diren faktoreek gertaeren oinarrian izan dezaketen eragina ebaztea, enpresen arteko koordinazio eta subkontratazioarena adibidez.

Guztiaren gainetik biktimaren senitarteko eta lankideei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, Euskal Herrian azken boladan gertatutako lan-ezbeharren ondorioen larritasunaren aurrean gure haserre eta kezka adierazi nahi dugun aldi berean.

Zehazki azken asteetan hildakoa eragin duten Germinados del Compost (Lodosa) eta Gescrap (Noain) enpresetan izandako bi lan-istripuak kontuan izanik, atzokoak Nafarroan azken asteetan lan-istripuetan hildakoen zerrenda haundituko luke, guztira 28 eguneko epean 3 hildako izango liratekeelarik. Hauei martxoaren 26an Astigarragan (Gipuzkoa) garraiolari baten heriotza eragin zuen lan-istripua edota martxoaren 28an Befesa Zinc-Aser Erandio-ko (Bizkaia) enpresan hainbat langile (hauetako bat larri) zauritu zituen lan-istripua gehitu beharko genizkioke.

Guztiz salagarria iruditzen zaigu egoera honen aurrean ez dela inolaz ere langileontzat lan-baldintza duin eta seguruak izatea ahalbidetuko duen berehalako neurririk hartzen, gisa honetako lan-istripuetan enpresen betegabetzeak behin eta berriro ematen diren honetan, eta guztia langileriaren osasun-babesa bermatuko duen behin betiko neurriak ezartzeko ardura duen administrazioaren pasibotasunaren aurrean gertatzen ari den bitartean.

Krisiaren aitzakian eramandako politikek patronalak langileon segurtasun eta osasunari dagozkion betebeharrak alde batera uztea ahalbidetzeaz gain, Nafarroako 2014. urteko lan-istripu kopuruaren goranzko tendentzia sahiestea lortu ez dutela nabarmendu nahi dugu.

Horregatik, neurri handienean langileok pairatzen dugun ezbehar-kopuruaren jatorrian kokatzen den lan-prekarietatea lantokietatik ateratzeko konpromezua berresten dugu, eta zentzu horretan, ohar honen bitartez bihar azteazkenean goizeko 10 terdietan Berriobeitiko Iturgain kaleko 16 zenbakian, TID enpresaren aurrean ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU-k protestarako deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deialdia publiko egin nahi dugu.