Steilasek berriro dio: Hezkuntza Sailak bertan behera utzi behar du Heziberri 2020ren dekretua
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak pauso bat gehiago egin du Heziberri proiektuarekin gauzatzen ari den kudeaketa ezin eskasagoaren bidean. Proiektu hori aurrera ateratzeko teman trabatuta segitzen du, kosta ahala kosta egin nahi dute, hezkuntza-komunitatearen gehiengo zabalak uste duenaren aurka. Egoera zinez absurdoa bilakatu da, ezkutuan saiatu baitira LOMCEko egutegia EAEko ikastetxeetan martxan jartzen eta sindikatuei egotzi diete familien erreakzio ulergarria, nahiz eta Heziberri dekretua oraindik onartzeke dagoen.
Seriotasun-falta agerian geratu da berriro ere. Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, Hezkuntza Sailak aldaketa gehiago txertatu ditu –eragile jakin batzuekin adostuta– Heziberri 2020ren bigarren faseko idazkian, ustez behin betikoa zen arren. Berriro ere, hezkuntza-komunitateari bizkarra emanda txertatu ditu aldaketok.
Eskola Kontseiluari aurkeztu zaion testuak aurrez gaitzetsitako ezaugarri guztiei eusten die, eta, ez hori bakarrik, zerbitzu publikotzat hartzen du sare pribatua, modu esplizituan.
steilasek berriro dio: zerbitzu publikoak batasun soziala eta aukera-berdintasuna bermatu behar ditu. Titulartasun pribatua duten ekimenak, soilik talde batzuei ematen baitiete zerbitzu eta segregazio-mekanismoak erabiltzen baitituzte, ez lirateke sekula publiko gisa sailkatu behar.
Jauzia hain da erraldoia ezen, ezinbestean, eztabaida pausatu, sakon eta parte-hartzailea gauzatu behar baita, gaur egun gertatzen ari denaren justu kontrara. Horrexegatik, steilasek berriro dio Cristina Uriarte buru duen Sailak Heziberri dekretua bertan behera utzi behar duela, eta atzera hasi, hezkuntza-eragile guztiak ordezkaritza izango dutela bermatuz.
Leave A Comment