nafarroan-ez-da-euskara-existitzen-steilasen-iritzi-artikulua

Nafarroan ez da euskara existitzen

Nafarroako zenbait ikastetxetan bosgarren mailako ikasleei dohainik
banatzen zaien Gaztelaniako liburuak jasotzen duen informazioak erabat
hunkiturik utzi gaitu, bertan Nafarroa elebiduna dela ezkutatzen baita. Liburuan
badute kapitulu oso bat “lengoaia, hizkuntzak eta dialektoak” eta Espainiako
Konstituzioaren hirugarren kapituluak zer dioen aipatu eta gero aitatzen da
“Espainian Erkidego elebidunak dira: Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Balear
Uharteak eta Euskadi. Modu ofizialean bi hizkuntza mintzo dira”
Egia da – zenbait alderdiren estrategia politikoaren ondorioz- euskara ez
dela ofiziala lurralde osoan; era berean ukaezina da, zenbait pertsonari deseroso
egiten bazaio ere, Nafarroan bi hizkuntza ditugula. Izena duena bada. Aipatzen ez
dena ez dago. Anayak Nafarroa elebiduna dela ezkutatzen du. Bestelako kontua da
maila juridikoan zein estatus aitortzen zaien hizkuntza hauei. Nafarroan zinez
ahula euskarari aitortzen zaiona, anakronikoa.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuari dei egiten diogu – baita alderdi
politikoei ere – behar bezalako kudeaketa egin dezala informazio hau zuzen
dezaten, Nafarroako errealitatea desitxuratzen baitu.
Estatuan salbuespena da Nafarroa, beste gainontzeko Erkidegoetan ez
baitituzte hezkuntza eskubideak aitortzen – edo ukatzen – pertsonaren
bizilekuaren arabera, edota eskaera luzatzen den Administrazioaren kokagunearen
arabera. Egoera gainditzeko tenorea da. Euskararen legea onartu eta 30 urte
geroago bestelako politikak egin behar dira, eta inbisibilizazioa, bazterketak eta
zonifikazioa gainditu.
Herritar guztion ondarea da euskara, baita hitz egiten ez dutenena ere.
Nafarroan harro mintzo gara gureak diren produktuez: Lodosako piperrak,
orburuak, zainzuriak… eta hau egiten dugu jaten ez baditugu ere. Egin dezagun
berdin euskararekin, eraman dezagun maila sozial eta juridikora aitortza hau,
euskararekiko begirunea eta horren bultzada. Nafarroan urte gehiegi daramagu
hizkuntza bazterketa pairatzen. Egoera aldaraziko badugu, zonifikazioa gainditu
behar dugu, eta Euskara lurralde osoan ofizialtasuna aitortu.