EAJk-PSEk hezkuntzan iparra gal ez dezaten [pdf]
EAJ-PSE-K HEZKUNTZAN IPARRA GAL EZ DEZATEN
Hezkuntza gizarte baten ongizaterako oinarrizko elementu gisa inork gutxik jarriko luke zalantzan. Inork gutxik diogunean, herritarrez ari gara, klase politikoa, hitzetan bai, baina ekintzetan ez baita hezkuntzaren garrantziaz jabetzen. Bruselako, Madrileko eta EAEko agintariek beste lehentasun batzuk dituzte agendetan. PSE eta PNVk eman zieten hasiera eta jarraipena, hurrenez hurren, hezkuntzako murrizketei, eta ez dirudi hezkuntzak, oro har, eta hezkuntza publikoak bereziki, hitzetatik harago lehentasunik izango duenik.
Egoera honen aurrean, steilas-eko kideok garbi ikusten dugu aldaketa beharrezkoa dela. Hezkuntza eta gizarte kohesioa agintarien agenden lehenengo postuan agertzen ez diren bitartean, egoerak ez du hobera egingo. Baina tentuz ibili behar dugu: PISA omen da gure hezkuntza sistema arautzeko erreferentzia, eta gure herriak dituen beharrei erantzun beharrean, ELGAren eta Europako Batzordearen irizpide neoliberalek finkatuko dituzte eskola publikoaren oinarriak. Aldaketa beharrezkoa da, bai, baina gure beharrei erantzungo diena eta hezkuntza-eragile guztien artean adostutakoa.
Cristina Uriarte, berriro ere, PNV-PSEren arteko koalizio gobernuaren Hezkuntzako sailburua izango da, eta langileon ordezkariekiko bere jarrera kezkagarria iruditzen zaigu. Azken urteotan steilas-ek behin eta berriz salatu du HEZIBERRI 2020 proiektua –Uriarteren proiekturik kuttunena– ez dela baliagarria izango gure hezkuntza sistemak behar duen aldaketa bideratzeko. steilas sindikatuak berriro ere gogorazi nahi dizkio aldaketa hori gauzatu dadin hartu beharreko neurriak:
? BPGaren %6, gutxienez, hezkuntzara bideratzea. Finantziazio gehiago beharrezkoa da, bai, baina ez edonola, hezkuntza sistemak ezin baitu egon merkatu legeen menpe, ezta horren gorabeherek baldintzatuta ere. Hezkuntza publikoak aldendu egin behar du menpekotasun horretatik, eta ekitatea, aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa bermatu. Hezkuntza Sailaren ardura zuzena da ikastetxe publikoak behar adina baliabidez hornitzea. Une honetan, administrazioak lehentasuna eman behar dio sare publikoari, ikastetxe horiek pairatzen duten baliabide faltari aurre egiteko. Ikastetxe publikoei dagokien tokia emateko, hau da, hezkuntza sistemaren ardatz izateko, plan estrategiko espezifiko baten beharra ikusten dugu. Plan estrategiko horrek, ikastetxeen hornikuntza hobetzeaz gain, herritar guztiei beraien auzo eta herrietan sare publikoan ikasteko eskubidea bermatu beharko lieke, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan jasota dagoen moduan. Egun, administrazioaren utzikeriagatik, eskola publikoa subsidiaritate egoeran dago, eta horrek nola edo hala amaitu egin behar du.
? Heziberri 2020 plana bertan behera utzi behar da. Europako troikak emandako gomendioetan –austeritatea eta merkatuak asetzera bideratutako hezkuntza politika– eta sare pribatuko patronalen nahietan soilik da oinarritzen da plan hau (kasurako, Kristau Eskolak eta ikastola pribatuek Tontxu Camposekin sinatutako akordioa). Heziberrik hezkuntza subiranotasunetik urrundu eta merkatuen interesen menpe uzten gaitu, eta hezkuntzan lehiakortasuna bultzatzen duten horien alde egiten du; hezkuntza sistema erregularizatu gabeko eredu baterantz darama.
Kanpo ebaluazioen inguruko gogoeta sakona behar da. Nolako ebaluazio sistema behar dugu? Zein helbururekin?
? Kontrolik eta baldintzarik gabeko ikastetxe pribatuen itun unibertsalen dinamikak bertan behera geratu behar du. 2009an Kristau Eskolak eta Partaidek sinatutako akordioa ere baliogabetu behar da, ez baita hezkuntza komunitate osoaren artean adostua izan.
- ? 0-3 etapak garrantzi berezia du. Gizarte kohesioa eta ekitatea bultzatzeko etapa garrantzitsuena da. Zoritxarrez, orain arteko gobernuek horretaz jakitun izan arren – edo agian horregatik–, klase bazterkeriarako mekanismoak beste edozein etapetan baino modu eraginkor eta bortitzagoan aplikatu izan dituzte. Klase ertain-altuek dute soilik gizarte kohesiorako oinarrizko erreminta izan beharko lukeen zerbitzu honetarako sarbidea bermatuta. Eskuin politikoarentzat kontu estrategikoa da hau, gizartearen egitura klasistari eusteko modu bakarra baita. Hala, egungo rolak iraunarazten dira eta emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea zailtzen da.
- ? Euskarak sistema osoko hizkuntza nagusia izan beharko luke. Ikastetxeetako hizkuntza izan beharko luke, hau da, zerbitzu publikoetako langileen eta erabiltzaileen komunikaziorako ohiko erreminta. Bizi dugun diglosia egoeran, euskarak esparru guztietan benetako lehentasunik ez duen bitartean ezinezkoa izango da gure hizkuntza normalizatzea. Ikastetxeetan, azkenaldian, euskara eta ingelesa erabilera instrumental batera bideratu dira, eskolan bi hizkuntzek duten funtzioa parekatuz. Ez dute kontuan hartzen herri baten hizkuntza eta kultura transmititzea dela hezkuntza sistemaren funtziorik garrantzitsuena, eta hori guztia bertako hizkuntzarekin lan eginez soilik lor daitekeela. Ildo horretan, kezkagarria iruditzen zaigu inongo oinarri pedagogikorik gabe ezartzen ari den esparru hirueledunak aipatutako eremuan izan dezakeen eragina. Halaber, PNVk eta PSEk sinatu berri duten akordioan ingelesak hartu duen zentraltasunak kezka handia sortzen digu.
- ? Ezinbestekoa da hezkuntza komunitate osoak benetan parte hartzea hezkuntza sistema arautzeko prozesuan. Egun, kontrakoa gertatzen da: lehentasuna, batez ere, eremu pribatuko patronalek dute.
- ? Unibertsitate publikoak herri honen garapenerako ardatz estrategikoa izan beharko luke. Nazio txikia gara, ez dugu baliabide natural askorik eta horrek hezkuntza publikoan gehiago inbertitzea eskatzen du, baita unibertsitatean ere. UPV/EHUk % 14 gutxiago jasoko du datozen lau urteotan. Beste bi unibertsitate pribatuek, ordea, %5 gehiago jasoko dute. Aurrekontu politika honek, unibertsitatearen norabidea kolokan jartzeaz gain, prekarietate egoerara eraman ditu langile asko; besteak beste, irakasle gazteak goi-mailako hezkuntzatik kanporatzea bultzatzen du.
- ? Negoziazio kolektiboa berreskuratzea ezinbesteko lehentasuna da. Hezkuntza Sailak negoziazioaren bidea baztertzea erabaki du, aitzakiatzat hartuta dirurik ez dagoela. Sarritan, administrazioak sistemaren erdigunean jartzen gaitu irakasleok, hezkuntzaren kalitatearen erantzule eginez eta gure lan baldintzak okertuz. Hezkuntza Sailak lehentasuna eman behar dio, aldi berean, hezkuntza lehenesteari eta bertako langileen lan baldintza duinak bermatzeari.Akordio zabaletarako eta elkarrizketarako garaia da. Urte asko daramagu gure hezkuntza sistemak behar duen behin betiko irtenbide baten bila. Lanean jarraituko dugu bi abiaduratako hezkuntza sistema hau gainditu eta EAEko ikasle guztien aukera berdintasuna, euskalduntzea eta kalitateko eskolaratzea bermatuko duen sistema bat lortzeko. steilas bertan egongo da, beti bezala, herri gisa aurrera egiteko asmoa duten talde eta erakundeekin lan egiteko prest. Norberaren zilborrari begira daudenek, orain arte bezala, aurre egin beharko digute.
Leave A Comment