Apirilaren 28a Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izango da, eta oraingo honetan ere salatu beharrean gaude langileriaren osasunak okerrera egin duela. Izan ere, azken urteotan, igo egin dira hala lan-ezbeharren nola lanbide-gaixotasunen indizeak.
Hego Euskal Herrian, 2016an, 53 langile hil dira lan-ezbeharretan. 2015ean baino % 9 lan-ezbehar gehiago izan dira. Lantokietan lan osasuna galtzen ari dela esaten dugunean (hori larria baita eta gauzarik nabarmenena), lan-ezbeharrek eragindako heriotzetan jartzen dugu arreta batez ere. Baina esan beharra dago lanarekin loturiko osasun galera guztien izeberg punta baizik ez direla.
Apirilaren 28 honetan, beraz, berriro heriotza horiek salatu nahi ditugu, baina ez gara salaketa horretara mugatuko. Gure arreta gunea handitu nahi dugu, Lanbide Gaixotasunetan gertatzen dena salatzeko, eta era berean, gure konpromisoa berretsi nahi dugu, horrelako gaixotasunen salaketan eta prebentzioan are ahalegin handiagoa egiteko.
Horrenbestez, lanean hasi behar dugu, egungo osasun eta lan-osasun arloko ereduaz bestelako bideak garatzeko. Badira alternatibak, eta borondate politikoa bakarrik falta da, osasuna babesteko sistema alternatibo bat garatzeko, jendearen bizitza eta osasuna erdigunean jarriko dituena.
Horretarako, Gasteizko eta Iruñeko Gobernuei exijitzen diegu behar diren aurrerapausoak eman ditzatela, honakoa bermatzeko:
- Enplegu segurua, osasungarria eta kalitatezkoa sortzea.
- Errotik aldatzea lan-osasun arloko politika publikoak, behar diren diru eta giza baliabide guztiak erabilita. Baliabide gehiago bideratu behar dira lanbide-gaixotasunen ikerketara, eta arreta berezia jarri behar da emakumezkoek pairatzen dituzten gaixotasun eta patologietan.
- Osasuna politika guztietan babestu behar da. Politika publikoek osasunean eta osasun arloko berdintasunean duten eraginaren ebaluazioa sustatu behar da, hala osasun sektorean nola bestelakoetan. Osasun arloko eragina ebaluatzeko metodologia garatu eta sistematizatu behar da, sektorekako plan eta esku-hartzeetan aplikatu beharreko tresna gisa.
- Neurriak hartu behar dira lan-ezbeharren eta lanbide-gaixotasunen azpierregistroaren aurka. Horretarako, berezko erregistro bat sortzea eskatzen dugu.
- Lan-osasuneko sistemak txertatua egon behar du sistema publikoan.
- Gizarte Segurantzaren berezko sistema bat sortzea.
- Arauak betetzen ez dituzten enpresetan ikuskapen eta kontrol handiagoa egitea, baita zehapen handiagoak jartzea ere. Esparru publikoak ez luke kontrataziorik egin behar prebentzio arloa ez betetzeagatik zigortutako enpresekin.
- Egungo egoeran, euskal erakunde publikoek mutuen jarduera zaindu eta kontrolatzea.
- Jendearen osasuna lehenetsiko duen prebentzio-sistema publikoa behar da. Prebentzio Zerbitzuek sistema publikoan txertaturiko eredu baterantz jo behar dute, enpresekiko independentzia ziurtatuta. Prebentzio zerbitzuen kontrol soziala ziurtatzeko modalitateak ezartzea.
- Prebentzio integrala eta enpresetan txertatua, berezko baliabideekin garatua.
Leave A Comment