Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileak exijitzeko antolatuko dituzten mobilizazioak aurkeztu dituzte gaur. Lehen hitzordua datorren asteartean izango da Gasteizen, azaroaren 21ean (10:00, Mendizorroza Kiroldegia). ELA ekimen honen parte da eta sindikatuko ordezkaritza zabala Gasteizen izango da.

Karta sozialeko bozeramaileek argi utzi dutenez, ekimen honek bestelako eredu sozial bat aldarrikatzen du, pertsonak zein natura erdigunean jarriko dituena, eta ez kapitalaren interesak. Horregatik hitz gogorrak izan dituzte Euskal Autonomia Erkidegorako aurkeztu diren aurrekontuen aurka.

“Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian aberastasuna egon badago herritarren beharrak bermatzeko. Era berean, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen aldeko gehiengo soziala ere badago, politikaren lehentasunak aldatzeko”.

Martxoan egindako ekitaldian bezala, datorren asteartean Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak eta zerga politika neoliberalak direla salatuko da Gasteizen. “Alternatiba sozialak badaude, baina gure agintariek ez dute borondate politikorik bide hori egiteko. Aurrekontuen oinarriak zeintzuk diren kontuan hartuta, argi dago ez dagoela aukerarik ikuspuntu sozial batetik proiektuaren inguruan akordio batera iristeko. Alternatibak argi eta garbi jarri behar dira mahai gainean”.

Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren kideek bestelako eredu bat lortzeko landu dituzten proposamenak aurkeztu dituzte.

1. Aldaketa soziala aldarrikatzen dugu. Aldaketa estrukturala nahi eta behar dugu politika publikoetan: aberastasunaren banaketa, kalitatezko enpleguaren sorrera, bizitzaren iraunkortasuna eta askatasun zein kultur eskubideen defentsa oinarri izango dituena.

2. Sakoneko erreforma fiskala gauzatzea eskatzen dugu, gehien dutenek gehiago ordain dezaten.

3. Genero ikuspegia integratua duten aurrekontuak ezinbestekoak dira.

4. Energiaren ekoizpen eta komertzializazioaren gaineko kontrol publikoa.

5. Abiadura Handiko Trena, gas putzuak, Errauskailuak… proiektuak eten. Natura zein gure osasunarentzat kaltegarriak diren, alferrikakoak eta aurrekontuen poltsa xahutzen duten proiektu guztiak gelditu, eztabaida sozial parte hartzailea sustatuz.

6. Babes Sozialeko sistema publiko, integral, duin eta kalitatezkoa aldarrikatzen dugu, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen jendarte ereduaren norabidean kokatuko dena.

7. Oinarrizko eskubide sozialak herritar guztioi, inolako diskriminaziorik gabe bermatzea, emergentzia sozialean daudenei lehentasunez.

8. Zorraren auditoria azken muturreraino eramateko konpromisoa berresten dugu.

9. Aurrekontu partea hartzaileak aldarrikatzen ditugu, politika publikoak diseinatu zein erabakitzeko herritarron parte hartzea ahalbidetuko duten baliabideak bideratuz.

10. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian eredu sozial zein ekonomikoari buruzko erabakiak modu burujabean hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.

Gasteizkoaz gain, azaroan bertan beste ekitaldi bat egingo da Iruñean.