Ezinezkoa da Itunik hezkuntza eragilerik gabe

STEILAS sindikatuak ez du parte hartu gaur, otsailak 5, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Hezkuntza Lege berria garatzeko deitutako bileran.

Hezkuntza Sailak ez du behar bezalako prozedura gauzatu nahi izan eragileen arteko akordia eraikitzeko bidean. Norbanako adituak gonbidatu ditu sailak berak sortutako dokumentu bati ekarpenak egin diezaizkioten eta ondoren, hezkuntza komunitateko eragileak deitu gaituzte oneritzia emango dugunaren esperoan. Beraz, ez da eragileen benetako eztabaida eta akordioa gauzatzeko elkargunerik egon eta benetakoa ez den akordio bat eszenifikatu nahi izan da era honetan.

Durudienez, gaurtik aurrera eragileon arteko elkarlana bilatu beharrean, “ekarpenak” idatziz edo internet bidez egiteko epe labur bat irekiko du gobernuak, gaiari behar eta merezi duen denbora eta hausnarketa eman beharrean. Esan bezala, STEILASek ez du ontzat ematen prozedura hau, eta ez du ekarpenik egiteko asmorik. Hala ere, dokumentua eskuetan dugunean, gure gogoetak publiko egingo ditugu.

Edukietan ere oinarri oinarrizkoak beharko luketen hutsuneak ikusten ditugu: Sare pribatuaren eta publikoaren finantziaketa ereduak, segregazioa eta eskola publikoa modu efektiboan indartzeko konpromisua eta beronek hezkuntza sisteman izan beharreko zentraltasuna. Gai hauek guztiak ezinbestekoak dira STEILASentzat edozein itun jorratzerako garaian.

Eskola publikoak bizi duen egoeraren adierazle dira gobernu honek bertan bizi den gatazka laboralean emandako urrats eskasak edo segregazioa ekiditeko neurri efektiborik hartu ez izana. Beraz, eskola publikoko langileok jasandako murrizketak bertan behera geratzen ez diren bitartean, eskola publikora behar diren baliabidea bideratzen ez diren heinean eta aukera berdintasunerako pausu nabarmenak ez eman arte, akordioa ez da posible izango.

Honetaz guztiaz gain, ez diogu inongo zentzurik ikusten LOMCEren aterkipean Lege berri bat garatu nahi izateari. Are gehiago jakina denean estatuan hezkuntza arloan aldaketak datozela, eta honek eragin nabarmena izango duela erkidego guztietan, baita EAEn ere.

Azkenik, STEILASek akordiorako eta elkarlanerako deia luzatu nahi die, aukera berdintasuna oinarri eta interes partikularren gainetik gure hezkuntza sistema propioaren garapenean akordioak bilatu nahi dituztenen guztiei.

2018-02-06T17:32:51+00:002018 otsaila 5 |Albisteak, Haurreskola, Prentsa Oharrak, Publikako Laboralak, Publikoa EAE|

Leave A Comment