KRISTAU ESKOLAREN JARRERA INMOBILISTAREN AURREAN SINDIKATUOK PRENTSAURREKOA DEITZEN DUGU HURRENGO MOBILIZAZIOEN BERRI EMATEKO

Martxoaren 20ko greba egunaren ostean sindikatuok sektoreko patronal guztiei egoera desblokeatuko lukeen proposamena egiteko konbitea luzatu genien. Tamalez, Kristau Eskolak egungo testuinguruan kokatu gaituzten planteamenduekin erantzun digu.

Gizarte ekimeneko langileok kalera atera ginen pasa den martxoaren 20an hitzarmen berria eta benetako negoziazioa eskatzeko. Egun horren ondoren, sindikatuok patronalak enplazatu genituen ohar baten bidez egungo testuingurua desblokeatuko luketen proposamenak egin aldera. Lau patronaletik hiruk ez zuten erantzun. Kristau Eskola, hiru asteren buruan, aurreko astean erantzun zigun orain arte erabilitako dialektika bera erabiliz: negoziatzeko borondatea dauka ikastetxeen egonkortasuna mantenduz. Gogorarazten digu, era berean, Negoziazio Mahaian entregatutako dokumentuak eta Mahai Tekniko batera gonbidatzen gaitu aurkeztutako datuak kontrastatzeko. Gaineratu egiten du publikoaren gatazka konpontzera itxaroten dagoela Hezkuntza Sailak bere aldarrikapen ekonomikoei erantzun diezaien.

Sindikatuok, KEk azken urteetan izandako jarrera inmobilista mantentzen duela baloratzen dugu. Neurri bakar bat ere ez digu aurkeztu prozesu negoziatzaile berri bati hasiera eman diezaiokeena eta ardura Administrazioari trasladatzen saiatzen da. Horren aurrean, langileon aukera bakarra mobilizazioa da – edo murrizketen betikotzea eta lan baldintzen galera onartzea-. Ziurtasun honek bultzatuta, hurrengo ostegunerako prentsaurrekoa deitu dugu, hiruhilabete honetarako greba deialdien berri emateko.

Langileok eta gure interesak indartuta atera ziren martxoaren 20ko egunetik, sekulako jarraipena izan baitzuen grebak. Zabaldu egin zen batasun eta sendotasun mezuak jarraipena izan behar du hiruhilabete honetan, izan ere, horrek eta ez beste ezerk egingo baitu posible desblokeoa eta akordioaren sinadura.

Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 23a

Irakurri testua